Euskal Jira protagonista izango da Irunen abuztuko lehen asteburuan

Gaur aurkeztu da Urdanibia plazan Irungo Euskal Jiraren 43. Edizioa. Aurkezpenean Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura ordezkariak, Irungo Euskal Jira elkarteko Iñaki Olazabal presidenteak eta Amaia Lera presidenteordeak parte hartu dute. Euskal tradizioa ezagutarazteko eta hari balioa emateko helburua duen ospakizuna da Euskal Jira.

Hogei bat jarduerek osatzen dute aurtengo egitaraua, asteburu honetan zehar egingo direnak. Euskal Jiraren Egunaren aurretik, ostiralean,  Korrontzi taldeak kontzertu bat emango du, 22:00etan, Urdanibia plazan.

Nuria Alzagak azpimarratu du zer-nolako eginkizuna betetzen duen Euskal Jirak euskal historia eta kulturari balioa emateko: “Euskal Jira erakustoki aparta da, irundarrek zein turistek bertatik bertara ezagut ditzaten sustrai sakoneko euskal tradizioak eta oroimenean bakarrik gordetzen ditugun hainbat ofizio, zaletasun eta ohitura; musikaz, kolorez eta umore onez betetako jai bat”.

Ohikoa denez, ekitaldi nagusia idiek tiratutako gurdi eta traktoreen desfilea izango da: “hainbat musika eta dantza taldek eta ehunka irundarrek jantzi tipiko tradizionalak eramango dituzte soinean, gure arbasoen eguneroko bizitzako eszenak irudikatzeko”, gaineratu du Irungo Udaleko Kultura ordezkariak.

Pentatloi txapelketa

Bide batez, Irun Gizonezkoen Gipuzkoako Pentatloi Txapelketaren jokalekua izango da berriz ere: herri kirol txapelketa igandean jokatuko da, hilak 6, 11:30etik aurrera, Urdanibia plazan. Xabier Zaldua, Andoni Iruretagoiena, Xabat Olaizola eta Jagoba Otaegi lehiatuko dira, eta bost proba egingo dituzte: harri jasotzea, giza proba, aizkora, txingak eta korrika. Gainera, hiru emakumek erakustaldia egingo dute: Nerea Arrutik, Amalur Arbelaizek eta Ane Zapirainek.

Euskal Jira argazki lehiaketa

Gogoan izan beharra dago datorren irailaren 22ra bitartean Euskal Jirari buruzko argazki lehiaketarako piezak aurkez daitezkeela. Irungo Euskal Jirak berak antolatzen du sariketa, Irungo Argazki Elkartearekin elkarlanean, eta oinarriak Euskal Jiraren webgunean kontsultatu daitezke.

Hona hemen Euskal Jiraren 2023ko edizioko egitarau osoa:

Abuztuaren 4an, ostiralean

  • 22:00etan Korrontziren kontzertua (Urdanibia plaza)

Abuztuaren 5ean, larunbatean

  • Euskal Jira argazki lehiaketa egun osoan zehar (Irunen)
  • 9:00etan Txalaparta (Hiriko hainbat lekuetan)
  • 11:00etan Dantza eta musika taldeen emanaldiak (Hiriko auzoetan)
  • 10:00etatik 14:00etara Gaztelu puzgarriak (Urdanibia plazan)
  • 10:00etatik aurrera Txosnaren irekiera: txistorra, sardinak, taloak, sagardoa… (Urdanibia plazan)
  • 10.00etatik aurrera Eskulanen eta bertako produktuen erakusketa eta salmenta (Urdanibia plazan)
  • 11:30etik 13:30era Haurrentzako jolasak, Santiagoko Deabruaken eskutik (Urdanibia plazan)
  • 12:00etatik aurrea Kantuz Kantu , Kantuz Lagunak taldearen eskutik (Urdanibia plazako tabernetan zehar)
  • 12:00etatik 16:00etara Euskal Jiran parte hartuko duten gurdien erakusketa (Urdanibia plazan)
  • 12:15etan Bertsolariak: Manu Goiogana, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi (Urdanibia plazan)
  • 12:45 Dantzariak  (Urdanibia plazan)
  • 14:00etan Desfilean parte hartzen duten taldeentzako bazkaria (Irungo Atsegiña elkartean)
  • 17:00etatik 24:00etara Txosna: txistorra, sardinak, taloak, sagardoa eta ardoa (Urdanibia plazan)
  • 18:00etan Euskal Jira.  Gurdiak: Irungo Euskal Jira, Hendaia, Irungo Euskal Kirolak, Behobia, Meaka, Kemen, Santiago, Landetxa eta Irun XXI (Ibilbidea: Mendelu, Hondarribia kalea, Colón ibilbidea, Jenaro Etxeandia, Foruen karrika, Karrika Nagusia, San Juan, San Martzial eta Urdanibia)
  • 20:00etan Agur jaunak eta Gernikako Arbola, Irun eta Hondarribiko txistulariekin eta Irun Hiria musika bandarekin (Urdanibia plazan)
  • 20:30ean “Dantza Jira Erromeria”, Kemen Dantza Taldearen eskutik (Urdanibia plazan)
  • 22:00etan Berbena: Gora Herria taldearen eskutik (Urdanibia plazan)

Abuztuaren 6an, igandean

  • 11:20ean Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa (Urdanibia plazan)

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude