Datorren ostiralean Ama Xantalen ermita doan bisitatzeko aukera egongo da

Datorren ostiralean, hilak 18, Santa Elena eguna da, eta, berau ospatzeko, ateak zabaltzeko jardunaldia egingo da Ama Xantalen ermitan, 10:00etatik 20:00etara bitartean, doan.

Bertaratzen direnek hiriko ondare historiko eta kulturalaren barruko aztarnategi arkeologiko nagusietako bat deskubritu ahalko dute, bertatik bertara, ermita osatzen duten guneen bisita baten bitartez. Ermitaren sarrerako erakustegian hasiko da ibilbidea, non iaz egindako lan batzuei esker bisitariek Oiassoko nekropoliaren hiru dimentsioko berreraikuntza bat ikusi ahalko duten, eta aldarea eta tenpluko sarrera nagusia lotzen dituen pasarelan segituko du, aztarna arkeologikoen artetik.

Ekimena Alde Zaharra – San Juan Auzo Elkarteak Xantalengo jaiak ospatzeko antolatu dituen jardueretako bat da, mezarekin eta Txapelaundi sarien banaketarekin batera –ermitan bertan egingo da sari banaketa, abuztuaren 19an, larunbatarekin–.

Ama Xantalen ermitaren bisita gidatuak

Udako igande guztietan, 11:00etatik aurrera, Oiasso Museoak nekropoliaren bisita gidatuak eta Irun Erromatarra Tourra eskaintzen ditu –Tourra dohainik ere egin daiteke, gailu mugikorren bitartez–. Tourra egin nahi dutenek hitzordua eskatu behar dute, 943 639 353 telefono zenbakira deituta, eta tarifa ordaindu: helduek, 5,5 euro, eta 6-14 urteko haurrek, 3,85 euro; 6 urtetik beherakoek, berriz, doan egin dezakete.

Ama Xantalen ermita

Erabilera erlijiosoek 2.000 urte iraun dute Ama Xantalen ermitan. Hasiera batean, nekropoli edo hilerri bat zen, Oiassoko asentamendu erromatarreko biztanleen hiletetarako erabiltzen dena; geroago, X. mendean, eliza txiki bat sortu zen, eraikin pagano bat baliatuz; XIV. mendean, tenplu kristau bat eraiki zen elizatxo horren ordez; eta, azkenik, XVI. mendean, tenplu horrek egungo neurriak hartu zituen. Ermita Konstantino enperadorearen amari eskainia dago: 313. urtean, kristautasuna baimendu zuen Konstantinok, eta Elena, berriz, santutu egin zuten, Jesus Nazaretekoa gurutziltzatu zuten gurutzearen hondarrak aurkitzeagatik.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 6ko 6/2019 Legeak euskal kultur ondarearen barruko babes bereziko kultur ondasuntzat hartzen du Ama Xantalen ermita, eta, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue bidearen zatiko monumentu multzoaren barruan sartu zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude