Malen Juaristik Danimarkako Munduko Maratoi Txapelketan parte hartuko du

Santiagotarrak elkarteko Pista-Urbycolan saileko Maratoi taldeak asteburu maratoilaria izan du. Pasa den ostirala eta igandea bitartean Asturiasko Trasona urtegian bi txapelketa jokatu dituzte: Espainiako Maratoi Laburreko IV. Txapelketa eta Distantzia Luzeko Espainiako Maratoi Kopa.

Ostiralean Espainiako Maratoi Laburreko IV. Txapelketan lehiatu ziren eta taldeak podiumera igotzea lortu zuen taldekako sailkapenean, kluben artean hirugarren postua lortuz. Txapelketa honetan nabarmendu ziren Santiagotarrak-Urbycolan maratoi taldeko entrenatzailea bera, Beñat Arsuaga 23 urtez azpikoen K1 kategorian eta Malen Juaristi junior mailako palista gaztea K1ean. Biek, garaipena ukituz, zilarra eskegi zuten.

Larunbat eta igandeko jardunaldietan Distantzia Luzeko Espainiako Maratoi Kopa ospatu zen. Bertan, abuztuaren amaieran Danimarkan ospatuko den Munduko Maratoi Txapelketara joateko jokoan geratzen ziren nazioarteko azken plazak jokatu ziren.

Hautaprobetan Beñat Arsuagak eta Malen Juaristik, biek K1ean podiumean tokia errepikatzea lortu zuten brontzezko dominak lortuz. Beñaten 23 urtez azpikoen kategorian Munduko Maratoi Txapelketan parte hartzeko txartela lehen postuan sailkatutako kirolariak eskuratu zuen, beraz, Beñatek hurrengo urtera arte itxaron beharko du. Malen Juaristik, aldiz, postu berarekin lortu du Munduko Txapelketarako nazioarteko pasaportea.

Beñati gertatu zaion bezala, Aimar Monas eta Alex Arana juniorrei K2 junior kategorian, 22,6 km-an, lasterketako garaileak eskuratu zuen bakarrik Munduko Txapelketan lehiatzeko aukera.. Eta lasterketa osoan zehar buruan borrokatu arren, eta zilar bikaina zintzilikatu arren, ezin izango dira Danimarkara joan. Azkenik, Eneritz Aizpiolea eta Nora Arana kadete mailako neskek lortutako urrea nabarmendu behar da.

Emaitza hauekin Santiagotarrak-Urbycolan pistako piraguismo taldeak aste batzuetako atsedena hartuko du pilak kargatu eta hurrengo denboraldia prestatzen hasteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude