Irun 2023ko San Pedro eta San Martzial jaiak hasi aurreko azken txanpan sartu da, eta, prentsaurreko batean, Kulturako jarduneko ordezkari Borja Olazabalek egitarau osoa aurkeztu du, jaietan parte hartuko duten entitate eta elkarte batzuetako ordezkariekin batera, hala nola Bidasoako Erraldoiekin, Santiagoko Deabruekin eta MÄWA ikasle elkartearekin.
“Beste urte batez, Irungo Udalak eta hiriko elkarte eta entitateek bat egin dugu, irundar guztiek gozatzeko moduko egitarau bat osatzeko, jai hauek herritar askorentzat baitira oso bereziak: familia osoarentzako hamaika jarduera eta kontzertu zerrenda luze bat, tartean David Bustamante, En Tol Sarmiento eta La Zowiren emanaldiak direla”, nabarmendu du Borja Olazabalek.
Ostiral honetatik uztailaren 1era arte, ehun jardueratik gora izango dira, Irungo hainbat tokitan: haurrentzako animazioa, askotariko ikuskizunak, dantza, kirol probak, erakusketak, antzerkia eta zuzeneko musika. Jaietan ohikoa denez, gehienak (% 98 baino gehiago) kanpoan izango dira, eta, horrela, kalea izango da benetako protagonista. Horrela, hiriko plazak izango dira jaietarako gehien erabiliko diren tokiak: Alberto Anguera, Txanaleta, Zabaltza, Urdanibia, Euskal Jai frontoia (Santiago karrika), Junkal plazatxoa, Jenaro Etxeandia eta San Juan. Era berean, auzoetan, hala nola Behobian, Katean, San Migelen, Anakan, Belaskoenean, Elizatxon eta Arbesen, haurrentzako jarduerak izango dira: askotariko atrakzioak eta tailerrak. Azkenik, Amaia KZn, beren ezaugarri teknikoak direla-eta leku itxi egoki bat eskatzen duten ikuskizunak emango dira, hala nola opereta eta kontzertu korala, zeinak Luis Mariano Lirika Elkarteak eta Ametsa abesbatzak antolatuko dituzten.
Guztira, 118 ekitaldi koordinatuko ditu Kultura eta Kirol Arloak. Hain zuzen ere, arlo horrek zuzenduko ditu jarduera gehienak; asko eta asko, hiriko entitateek sustatuta. Gainera, Gaztegunearen barruan, Istillaga eta Urdanibia plazetan ere izango dira jarduerak.
Udalak nabarmendu duenez, “beste urte batez, parte hartzeko sanmartzialak izango dira. Entitateekin koordinatuta lan egiten saiatu gara, proposamenak orekatzeko eta aisialdiko jarduerez eta entretenigarriez gain ekimen kulturalak ere izateko, hala nola kaleko emankizunak eta zirku eta antzerki funtzioak”.
Askotariko musika, askotariko entzuleentzat
Borja Olazabalek musika egitaraua azpimarratu du, “inoiz baino anbiziotsuagoa” baita, “kantitatearen zein kalitatearen ikuspuntutik”. Bertako talentuak eta artista eta talde prestigiodunek osatzen dute kartela, gustu guztietarako. Borja Olazabalek kontzertu egun nagusietako artista eta taldeak eta haien aurretik joko duten bertako taldeak errepasatu ditu. Hona hemen egutegia:
- Ekainak 16: David Bustamante
- Ekainak 17: En Tol Sarmiento eta camp berbena
- Ekainak 18: Ametsa abesbatza
- Ekainak 21: Skola Musik
- Ekainak 23: Zarata eta Neomak
- Ekainak 24: Ankerra eta Huntza
- Ekainak 27: zarzuela (Luis Mariano Lirika Elkartea)
- Ekainak 28: Raks Club. Vuelo n.º 14 (Prok, La Zowi, Unai Muguruza, Klandestina eta Suso) eta Jamaika Show orkestra
- Ekainak 29: San Pedro eguneko kontzertua (Irun Hiria Musika Banda)
- Ekainak 30: disko festa
Beste erreferentzia bat haurrentzako animazioa izango da, hiriko zazpi auzotan barrena: Katean, Behobian, Antzaranen, Larreaundin, Palmera-Monteron, Anakan eta Belaskoenean. Gainera, haurrentzako ikuskizunak eta familia osoak gozatzeko emanaldiak izango dira, hala nola kaleko antzerkia, dantza emanaldiak eta erraldoi eta buruhandien konpartsa.
Betiko jarduerek ere ez dute huts egingo: ekainaren 24an, larunbatarekin, herri bazkaria egingo da; hurrengo egunean, Jostallu elkartearen bakailao lehiaketa; ganadu azoka egingo da; eta uztailaren 1ean, igandearekin, bakarrizketa jaialdia, Nerea Garmendia eta Miguel Lagorekin.
Kirol arloan, beste hainbat proposamen izango dira aukeran; tartean, pilota jaialdia, 3 x 3 saskibaloi txapelketa, futbol torneoa eta San Martzialeko atletismo igoera. Gainera, jarduera berri bat izango da: boxeo gau bat, ekainaren 17an, Uranzu pilotalekuan –laster aurkeztuko da–.
Dena, Udalaren webgunean
Gainontzean, azpimarratzekoa da su artifizialen bilduma: aurten, “Pasión por el Fuego” izango du izena, eta Pirotecnia Vulcano enpresak jaurtiko du, Donostia kaletik, uztailaren 1ean.
Agur ofizialak emango die hasiera San Pedro eta San Martzial jaiei, ekainaren 23an, ostiralarekin, 21:30ean, udaletxeko balkoian. Egun horretan, ohi bezala, 19:00etan, sanjoan zuhaitza jarriko da, txistulari bandak lagunduta. Gero, 20:45ean, Kemen Dantza Taldeak aurreskua dantzatuko du, suaren inguruan, eta, agur ofizialaren ondoren, 21:45ean gutxi gorabehera, San Juan sua piztuko du.
Bestalde, Luis Marianoko postuak ekainaren 16tik uztailaren 2ra bitartean egongo dira zabalik, baita Ficobako atrakzioak ere, eta Urdanibia plazako txosnak, berriz, ekainaren 23tik uztailaren 1era bitartean.
Urtero bezala, datozen egunotan, programa osoa etxez etxe banatuko da, hiri osoan, jaiegunetan gizalegez jokatzeko kanpainen eta kontzientziazio kanpainen kartelekin batera. Gainera, datorren astean, atal berezi bat sortuko da Udalaren webgunean programazioaren xehetasun guztiak kontsultatu ahal izateko.