Eskualdeko rugby taldeak emakumezkoen errugbia sustatzera zuzendutako egitaraua prestatu du
Beste urte batez, eskualdeko emakume errugbizaleentzako jardunaldia antolatu du Txingudi errugbi taldeak. Aurten, gainera, denboraldian zehar talde berria sortzeko egindako lanari amaiera bikaina eman nahi diote ekitaldi honekin.
Larunbat arratsaldean, 15:30etatik entrenamendu berezia egingo dute Maider Aizpurua eta Asun Gamindezen neskek eta, segidan, hirugarren denboraz gozatuko dute denak batera. Amaiera Sustrai batukada feministak emango du 18:30etatik aurrera. Jardunaldi honetara, edozein adinetako emakumezkoak animatzeaz gain, lagun batekin hurbiltzera gonbidatu du klubak.
Sub 16 eta sub 18en partidak Plaiaundin
Larunbat goizean, Bidasoako taldeko gazteek bisita izango dute. Hain zuzen ere, Asturiaseko All Rugby Llanerako sub 16 eta sub 18 taldeak izango dituzte Plaiaundin. Mugakoek maiatzean Asturiasera egindako bidaiaren bigarren partea da hau. 18 urtez azpikoek 10:00etan hasiko dute euren norgehiagoka eta, amaitzerakoan, 16 urtez azpikoak izango dira berdegunea hartuko dutenak.
Gizonezkoak eta Beteranoak, etxetik urrun
Zaisa Txingudi Monzonera bidaiatuko du asteburu honetan bertako Quebrantahuesos taldeak urtero antolatzen duen “Fat Rugby” txapelketa jokatzera. Irun eta Hondarribiko taldeak, “Txingordis” izenarekin ezaguna, pasa den urteko finala irabazi zuen eta, aurten, lorpena errepikatzeko intentzioz doaz. Txapelketa honetan, jokalariek, gutxienez, 90 kilo pisatu behar dute eta arauak moldatzen dira aurrelarien jokoa sustatzeko. Bestalde, beteranoek Arrangoitzen, Lapurdin, Rugby Touch txapelketa jokatu dute larunbat goizean.
Txingudiko hiru jokalari Clovis Leizagoyen txapelketan
Datorren larunbatean, Zarautzko Asti zelaian 14 urtez azpikoen Clovis Leizagoyen, Euskal Herriko eta Bearnoko sei selekzioen arteko txapelketa, jokatuko da. Gipuzkoako taldearekin Oier Oliveira, Ekaitz Sánchez eta Helene Tristán Txingudiko jokalariak jardungo dira. 10:00etan Arabaren aurka izango dute norgehiagoka eta, ordubete geroago, Cote Basque selekzioa izango dute arerio.
Klubaren egun arrakastatsua
Klubetik aditzera eman dutenez, pasa den larunbatean ospatu zen klubaren eguna arrakastatsua izan zen ehun pertsona baino gehiago bilduz Plaiaundiko kirolgunean. Rugby eskolako jokalarien eta gurasoen arteko partida, maila guztien arteko “tokata” txapelketa eta hirugarren denbora erraldoiaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenak.