Denboraldiaren amaiera iritsita, XVeko errugbiak udako ohiko modalitateei ematen die lekukoa; adibidez, hondartza errugbia (uztailaren 16an Hondarribiakora itzuliko dena) eta zazpirekin jokatzen dena (ezagunena eta hedatuena), taldeko jokalari azkar eta bizienek jokatzen dutena. Baina, zer gertatzen da aurrelariekin, taldeko beste zortziekin? Galdera horri erantzuna ematea erabaki zuen Monzoneko (Huesca) Quebrantahuesos klubak 2016an, Fat rugby torneoaren lehen edizioaren antolaketarekin, non ezinbesteko baldintza da jokalari bakoitzak gutxienez 90 kg pisatu behar izatea, gizonezkoen kasuan, edo 68, emakumezkoetan.
Txingordis, Fateko aspaldiko ezagunak
Planteamendu honek berehala konbentzitu zituen Zaisa Txingudiko aurrelariak, Txingordi izenpean, txapelketaren edizio guztiak jokatu dituztenak. Aurten, Monzonera joan dira Ekaitz Aia, Ramon Bergua, Iñigo Camarero, Asier Amigo, Asier González, Carlos Lora, Unai Herrero, Andre Ferreira, Aitor Asurmendi, Joao Costa eta Iker Tejero. Hauei, klubaz kanpoko Gorka Imaz, Antxon Iriondo eta Andoni Larrarte gehitu zaizkie. Jokalariez gain, Celia Fernandez eta klubaren hiru laurden talde bat ere joan da beraiekin, hala nola Unax Dominguez, Rodri Combina, Oihan Arruabarrena, Alejo Lasa eta Roman Solís. Nabarmentzekoa da Lea Etxebarrieta eta Ainara Gerriko bidasotarrek ere parte hartu dutela emakumezkoen txapelketan Eibarko eta Bera Berako taldeekin, hurrenez hurren.
Mugakoek lehen kanporaketako eta finalerdiko partida guztiak erraz gainditu ondoren, final handia ordurarte edizio guztiak irabazi zituen Zarauzko Pottolak taldearen aurka garaipena lortu zuten. Antxon Iriondoren entseguak eta bidasotarren defentsa gogorrak, garaikurra Plaiaundirantzko norabidea hartzea egin zuten.