Hiru denboraldiren ondoren, eta waterpoloren jarduera sendotzeko helburuarekin, Urgara Txingudi Waterpoloko klubak batzarrean erabaki eta onartu du BAT kontratatzea klubaren kudeaketaz ardura dadin. Hitzarmenak 2 denboraldirako balio du, eta aurtengo uztailean hasiko da.
Ana Olazabal Urgara Txingudi waterpolo klubeko lehendakariak azaldu duenez, Bidasoa Atletiko Taldeak zerbitzu hauek eskainiko dizkio waterpolo klubari: administrazioa, marketina, komunikazioa, joan-etorriak eta kirol-jarduera garatzeko beharrezkoa den aholkularitza. Hala ere, waterpolo klubeko zuzendariak azaldu duenez, “Urgarako Zuzendaritza Batzordeak zeregin erabakigarria izaten jarraituko du zeregin horiek eta klubaren funtzionamendu egokia zuzendu eta gainbegiratzeko orduan”.Izan ere, akordio horrek denbora gehiago uzten dio batzarrari lankideak bilatzeko, waterpolo-kirola sustatzeko eta gaur egun bigarren mailan geratu diren beste ekintza batzuei heltzeko.
Etorkizuna ziurtatu nahian
Gaur egun arte, batzarreko kide batzuen lana borondatezkoa izan da. ehenengo denboralditik, batzarra gutxienez bi pertsonako sailak sortu ziren, ahal izanez gero hirukoak, lan-karga banatzeko. Egun ordea, sail horiek desagertu egin dira hainbat arrazoirengatik, eta, horren ondorioz, lan-karga estra bat hartu behar izan da presidente gisa, klubak funtzionatzen jarraituko duela bermatzeko. “Teorian, klubean sartu nintzen lehen urtean laguntzeko, baina hau nire laugarren denboraldia izango da presidente gisa, eta etorkizunean erreleboa egiteko prest egongo zen jenderik ez izateak kezkatu egiten ninduen”, azaldu du Ana Olazabalek.
Horrela, Urgara Txingudi klubetik BATekin harremanetan jarri ziren klubaren etorkizunerako hautagai ona dela pentsatuz. Olazabalek azaldu du Bidasoa Atletiko Taldea aukeratu zutela eskualdean kudeaketa eredu gisa duen ibilbideagatik, bere lan onaz fidatuz eta kudeaketa eramateaz gain, jarduera sendotzeko eta sustatzeko orduan asko gehituko dutela pentsatuz.
BAT lankidetzarako prest
Ibon Muñozek Bidasoa Atletiko Taldeko gerentearen hitzetan, BATan gustura jaso zuten proposamena eta elkarrekin lan egiteko formulen bila hasi ziren. Horrela, Bidasoa Atletiko taldeak pertsona bat kontratatuko du, klubaren esperientzia eta ikuskaritzapean, Urgara Txingudiko kudeaketa eramateaz ardura dadin. Era berean, Urgara Txingudi klubaren eta Anaren konfiantza eskertu ditu Ibon Muñozek, “elkarlan berri hau waterpoloarentzat aberasgarria izango delakoan”.
Bidasoa Atletiko Taldeko gerenteak kirol kluben kudeaketaren inguruan egindako hausnarketa partekatu du: “kirol klubak profesionalizatzen ari dira boluntariotza amaitzen ari delako”. Ibon Muñozen iritziz, gizartea aldatzen ari da, eta jada gauzak ez dira lehen ikusten ziren bezalakoak. “Orain askoz gehiago kostatzen da pertsonen inplikazioa lortzea, baita egun bateko gauzetarako edo ordu batzuetarako ere”, gaineratu du.
Era berean, Bidasoa Atletiko Taldearen hazkunde organikoa eta barne-antolaketa kontutan hartuta, BATeko gerenteak adierazi du Urgara Txingudi klubari eskainitako zerbitzuak emateko prest dagoela kluba. “Asmoa da kontratatutako pertsonak Urgara Txingudiren jarduera ta, gainera, BATeko edukien zati bat kudeatzea, une honetan klubak behar hori ere baitu”, gaineratu du Ibon Muñozek.
Azkenik, Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol ordezkariak hiriko kluben arteko lankidetzak dakartzan onurak azpimarratu ditu. “Funtsezkoa da bi klubek bat egitea jarduerak edo ekitaldiak egiteko, aurrez aurre edo eztabaidan egon beharrean”, adierazi du Olabazalek. Kirol ordezkariak azaldu duenez, waterpolo eta atletismo klubek gauza gutxi partekatzen dituztela iruditu dezakeen arren, akordioak bi klubei mesede egin diezaiekeela uste du.
Bide batez, kirol ordezkariak Bidasoa Atletiko Taldea zoriondu du, pasa den asteburuan Gizonezkoen taldeak Lehen Mailara igotzea lortu baitzuen. Gainera, asteburu honetan kluba Ohorezko Mailako finalean lehiatuko dela gogoratu du.



