Landetxako talde erregionalak azken unean galdu du mailaz igotzeko aukera

Landetxa elkarteko maila erregionaleko taldeak mailaz igotzeko finala jokatu zuen Bergarako taldearen aurka. Partidua 1-0 galduta, Landetxako taldeari mailaz igotzeko aukerak ihes egin dio. Dena den, taldeak oso denboraldi txukuna egin du garaipen mordoa bilduz. Iñigo Arambarri taldeko bigarren entrenatzaileak eta Xabi Peña jokalariak denboraldiaren balorazioa egin dute.

Mailaz igotzea lortu ez arren, taldearentzat garrantzitsua izan da finaleko partidura iristea?
Xabi: Bai. Azkenean denboraldi luzea izan da. Hasieran taldea osatzeko auzoko lagun asko elkartu ziren. Hasiera batean taldea ona izango zela zirudien. Denboraldiak erakutsi digu sasoian eskuratu genezakeen lorpen garrantzitsuenetik oso gertu ibili garela. Hala ere, jendeak esan digu denboraldian zehar egindakoarekin pozik geratu dela. Badakigu lehen urtean horrelako gauzak lortzea zaila izan daitekeela. Gutxienez, jendeak adierazi digu datorren urtean berriro saiatzeko asmoa duela.

Finaleraino iristea denboraldi osoan zehar egindako lan onaren erakuslea da, ezta?
Iñigo: Bai, denboraldi guztian 4 partidu bakarrik galdu ditugu eta pena handia eman digu azken bi hilabeteetan 3 partidu galtzeak. Dena den, oso pozik gaude egindako bideaz eta guztiz konforme gaude gure lanarekin. Garaipenetik partidu bakar batera geratu garen arren, oso pozik egon gara, taldea oso ona izan da eta datorren urtean berriro saiatuko gara, guretzat oso urte polita izan baita.

Zuen ustez zer falta izan zaizue maila igoera lortzeko?
Xabi: Bi edo hiru gol gehiago sartzea, besterik ez. Urte osoan zehar lan gogorra egin dugu, asko entrenatu dugu eta partiduetara jende dezente joatea lortu dugu. Argi dago beste baten kontra jokatzen duzunean batek galdu eta besteak irabaziko duela. Oraingo honetan azkeneko hiru finaletan bi huts egite handi izan ditugu eta gauzak horrela gertatu dira. Agian gauzak hobeto ateratzeko lasaitasun apur bat falta izan zaigu eta zorte apur bat ere.

Hasieratik mailaz igotzeko helburua ezarri zenioten zeuen buruari?
Iñigo: Bai. Izan ere, hasieratik bagenekien taldea oso ona zela eta argi izan genuen igoera faseraino iristea lortu behar genuela. Lehenengo helburua lortu dugu, gainera derbiak irabazita zelaira giro ona ekartzea lortu genuen. Denboraldiko bigarren zati honetan, berriz, sailkapenean ahalik eta gorenera iristea zen helburua. Pena izan da sailkapena bideratua eduki arren, azkeneko momentuan bidean gelditzea. Helburua hori baitzen, hor inguruan ibiltzea eta ahal bezain beste borrokatzea.

Xabi: Behin sailkapena lortuta, lasai-lasai, presiorik gabe jokatzen hasi ginen eta fase honetan ere partiduak irabazten genituela ikusi genuen. Goian buru belarri ibili gara eta, egia esan, saiatu egin gara. Jendeak dena eman du eta horrekin geratzen gara. Taldean lortutako giroa ere azpimarragarria iruditzen zaigu. Azkenean, taldeko jokalari askok hamabi urte zituztenetik elkarrekin jokatu dute, baina beste asko auzoko lagunak dira edo koadrilakoak. Horrela familia txiki moduko zerbait lortu dugu eta hori emaitzetan ere ikusten da, giro onak emaitzak baititu partiduetan.

Giro onak, beraz, taldean lortutako emaitzetan eragin du?
Xabi: Bai, dudarik gabe. Partiduak amaitutakoan ere afariak antolatu ohi ditugu eta elkarrekin gora eta behera ibili ohi gara. Pandemia dela eta hasieran tabernak goiz ixten zituztenean, baten etxetik bestearen etxera ibiltzen ginen. Beraz, giro on hori gero partiduetan islatzen da. Partiduan lagunekin batera lehiatu behar zarenean eta zure alboan korrika den-dena ematen ari direla ikusten duzunean ba zuri ere daukazun guztia ematea ateratzen zaizu.

Emaitzak eta taldean sortutako giroak zaleak zelaira erakarri ditu?
Xabi: Bai, denboraldiak aurrera egin ahala nabaritu dugu jendeak auzoan galdetzen zigula hurrengo partidua noiz jokatu behar genuen eta non eta zer ordutan zen. Auzoko haurrak ere gure partiduak ikustera etorri izan dira. Atezainaren atzean, berriz, “Kate Hools” deituak jarri ohi ziren, hau da, klubeko hooliganak eta bengalak eta bestelakoak ekartzen dituzte partiduak animatzeko.

Jarraitzaileen babesak indarrik ematen dizue?
Iñigo: Bai, azkenean gehigarri bat da. Ni gogoratzen naiz orain dela hiru urte hemen entrenatzen hasi ginenean, hasiera batean oso zaila zen jendea etortzea lortzea. Izan ere, hasiera horretan taldeak ez zuen lortu auzoko jendea erakartzea. Aurten, ordea, oso partidu politak izan ditugu, zelaia toperaino bete dugu, bengalekin, jendea elkarrekin abesten, umeak klubeko koloreekin eta hori guztia oso polita izan da guretzako.

Datorren denboraldirako zein izango da taldearen helburua?
Xabi: Taldea maila erregionalean mantenduko dugu eta jada jakinda noraino iritsi gaitezkeen, beste era batera lan egingo dugu. Esperientziak ere asko laguntzen dizu. Beraz, datorren urterako garrantzitsua izango da blokea mantentzean, jendearengan ilusio hori mantentzea, helburua lortu arte saiatzen jarraitzeko. Soberan dakigu helburua lortzeko kapazak garela eta hurrengo urtean zalantzarik gabe horretan saiatuko gara.

Iñigo: Familia hau mantentzen bada, uste dut maila igoeratik oso hurbil egongo garela.

Xabi: Hauek gazteak dira oraindik, gauza asko emateko dituzte oraindik.

Iñigo: Xabierren ustearen arabera datorren urtean bai edo bai igo beharko dugu.

Elkarrizketa osoaren Bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude