Landetxak auzoaren memoria historikoa arakatzeko proiektua abiatu du

1938an langileak Porcelanas aurrean

Landetxa Auzo Elkarteak auzoko historia biltzeko bideo bat sortzeko proiektua hasi du. Horretarako, 1930etik 1955era bitarteko argazki, dokumentu eta objektuen bilduma egiten ari dira. Proiektura ekarpenen bat egin nahi duten pertsonek ostiraletan arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara auzo elkartera hurbiltzeko, avvlandetxa@hotmail.com helbide elektronikora idazteko edo 688669426 telefono-zenbakira deitzeko aukera izango dute. Proiektuan inplikatua dagoen Oihana Galardik azaldu duenez, dokumentuak eskaneatu ostean jabeei itzuliko zaizkie.

Zergatik erabaki zenuten proiektu hau martxan jartzea?
Proiektu honen ideia luzarotik dator. Badira urte pare bat zerbait landu nahian ginela. Ideia batetik hasi ginen, lagunen artean aurretik memoria historikoaren baitan gauzak egin ditugunak. Horrela, auzoko testuinguruari buruz hitz egiten hasi ginen. Bagenekien bazeudela auzoko hainbat pertsonen testigantzak ahotsak.eus webgunean, garai jakin honi buruz hitz egiten zutenak eta garai jakin honetan bizi zutenari buruz. Egia esan, pandemiaren aurretik lanean hasiak ginen eta bilera garrantzitsu bat egitekoak ginen, baina dena bertan behera gelditu zen. Egia esan, proiektuak hainbat aukera izan ditu zer egin pentsatzen hasi ginenetik. Bizpahiru urte aise pasa dira eta azken hilabeteetan erronkari eutsi diogu eta lanean jarri gara.

Hastapenetan auzoaren historiari buruzko informazio asko topatu zenuten?
Egia esan, aitzakia beste proiektu batean lanean ari ginenean aurkitutako testigantzak izan dira. Ez genituen inoiz ahaztu auzoko pertsonak zirelako, ezagutzen genituelako… Auzokoak garen heinean gure familiei buruz hitz egiten eta informazioa partekatzen hasi ginen, ideia hori buruan genuelarik. Helburua beti testigantza gehiago lortzea izan da, bereziki, garai hartako zuzeneko testigantzak geroz eta gutxiago direlako eta premia hori genuen. Jendea joan egingo zitzaigula bagenekien, beraz, ezin genuen proiektua gehiago atzeratu.

Zer-nolako edukiak jaso nahi dituzue?
Testigantzak hor daude eta auzoari zerbait eskaini nahi diogu, ez bakarrik testigantza batzuen batura. Elkarren artean giza eskubideei buruzko ikuspegi bat partekatzen genuen. Zerbait egin nahi genuen eta bideo bat izatea erabaki genuen. Testigantzen batuketa soil bat izan ordez, giza eskubideen ikuspegitik abiatuta, mezu bat helarazten saiatu nahi genuen, mezu positibo eta eraikitzaile bat,
memoria historikoa lantzeko. Zer egin nahi genuen ikusten hasi ginen. Garai hartako argazkiak egon badira noski, baina orduan jendeak ez zuen gaur egungo argazki kamerarik. Auzoko jendearen interesa pizteaz gainera, proiektua guztiona izatea nahi dugu.

Orain arteko bilketa emankorra izan da?
Beti bezala ideia askorekin elkartu gara eta pertsona aditu bat dugu produktuari forma ematen laguntzeko. Berak lurrera ekartzen gaitu, dena ezin daitekeela kontatu eta zer adierazi erabaki behar dela esanez. Gure helburua zein den zehazten saiatu behar dugu, testigantzen batura egiteko modu polit bat eraikitzeko.

Bitxikeria asko topatu dituzue orain arte bildutako istorioetan?
Ez, badaude oraindik ere mingarriak izan daitezkeen gauzak. Askotan aipatzen da isiltasuna, zenbat isiltasun zegoen garai hartan: sufrimenduagatik, beldurragatik, lotsagatik, ahazteko beharragatik… Isilune hori belaunaldi artekoa izan da. Anekdoten artean jaso dugu naziak auzoan bertan egon zirela, beraien kamioiak eta gauzak gordetzeko toki bat izan zutelako. Jendeak ospa egin behar izan zuen eta fronteak auzoan bertan egon ziren. Bakoitzak ikuspegi ezberdin bat dauka, bakoitzak memoria historikora puntu ezberdin batetik hurbiltzen delako. Eseri eta hitz egiten hasita hamaika bitxikeri agertzen dira. Horrela, bando bakoitzean egotea nolakoa zen jakin dugu, izan ere, askotan bandoa aukeratzeko orduan aukerarik ez zegoelako.

Zergatik mugatu zarete 1930-1955 urteen arteko garai historikora?
Garai horren baitan hasi ginen sentsibilitate bat genuelako. Hainbat pertsona hortaz hitz egiten hasi ginen. Proiektu ezberdinetan lanean ari ginela atzera begiratzea eta harremanak sortzea garrantzitsua dela ikusi dugu. Bizikidetzan oinarritutako harremanak sortu nahi ditugu, atzera begiratzea eta gertatutakoa ulertzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Momentu historiko hori inflexio puntu bat dela uste dugu, gaur egun garen honetan zuzeneko eragina daukala. Noski, garena gara puntu horretan gertatutakoaren ondorioz. Garai hura ezagutu zuten pertsonak bizirik ezagutu ditugun belaunaldikoak gara. Nahiz eta isilune asko egon, zuzenako kontakizunak egin dizkiguten pertsonak ezagutu ditugu eta, ondorioz, badakigu garai hura beraientzat zer izan zen.

Proiektuaren momentu honetan zerbait zehatzaren bila ari zarete?
Zerbait zehatza baino, momentu jakin honetan argazkiak eskatzen ari gara. Dauzkagun testigantzak argazkiekin jantzi nahi ditugu, sortu nahi dugun bideotan hitz egiten duten pertsonez haratago. Garai bateko argazkiek garai bateko auzoa irudikatzen laguntzen dute, egungo auzoak eta 30. hamarkadakoak ez dute zerikusirik. Argazkiek kontatutakoak testuinguruan jartzen laguntzen dute eta auzoaren lehenaldiko irudi kolektiboa osatzen dute. Garai hartako argazkiak altxorrak dira. Bakoitzak etxean izan ditzakeen altxorrak partekatzeko aukera ematen du proiektuak.

Noiz arte jasoko dituzue auzokideek utzitako materialak?
Ziur asko udaran zehar. Datozen hilabeteetan jendeak proiektuaren berri izatea, haien argazkiak bidali edo etxean dauzkan argazkien berri eman dezan. Argazki asko jasoko bagenitu, izugarria izango litzateke. Dokumentu grafiko horiek izanda, batzuk auzoarentzat prestatuko dugun produktuan erabiliko lirateke. Gainontzeko edukiekin beste zerbait egiteko aukera izango genuke, adibidez, auzoko artxiko bat sortu, etorkizunean auzokideek eskura izan dezaten.

1930. hamarkadan eromeria Txapartegin

Auzoa asko aldatu da denbora honetan guztian zehar?
Bai, asko. Pentsatu behar dugu orduan Katea edo Ventas izenaz ezaguna zena, nekazal auzo bat zela. Orduan kale nagusi bat zuen eta egun ezagutzen ditugun espazio gehienak ez ziren existitzen. Lur gehienak zelaiak ziren eta fruta-arbolez eta baratzez beterik zeuden. Auzoaren egitura erabat eraldatu da. Horregatik, auzoa zein modutan eta zergatik eraldatu den jakin nahi dugu. Orain arteko iragana ulertzeko balioko digula uste dugu.

Noiz espero duzue bideoa bukatuta egotea?
Urte amaierarako bukatuta izatea gustatuko litzaiguke. Udara beti garai arraroa da edozein proiektu aurreratzeko. Beraz, bideoa urte amaierarako bukatu ahal izatea espero dugu.

 

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude