Real Uniónek 1924ko Koparen 100 urteak ospatzeko festa antolatu du maiatzaren 4rako

Datorren maiatzaren 4an 100 urte beteko dira Real Uniónek Real Madrilen aurka Atotxan Kopa irabazi zuenetik. Efemeride honekin eta lehen taldeak larunbat horretan CyD Leonesaren aurka jokatuko duen partidarekin bat eginez, Real Unióek jardunaldi bat antolatu du data historiko hau ospatzeko. Beltzez ere txapeldun izan ginen leloa aukeratu da, klubak sare sozialen bidez egiten dituen komunikazioetan irakurri ahal izango den traolarekin.

“Izan zirelako gara eta garelako izango dira”, esanez hasi da Igor Emery Real Unióneko Administrazio Kontseiluko presidentea, 1924ko final hartan taldeak zelairatu zuen hamaikakoa izendatu duena. “Gure klubaren historiak desberdin egiten gaitu. Real Madrili Kopa irabaztea lortu zuen talde baten gloriazko une hura gogoratu nahi dugu eta gure zaletuekin gozatuz egin nahi dugu. Eta gero Stadium Gal bete behar dugu erabakigarria izan daitekeen partida batean, guztion artean taldea garaipenerantz bultzatzeko”.

Stadium Gal topagunea

Zaletuentzako topagunea Stadium Galeko kanpoaldea izango da. Bazkari herrikoia izango da bertan, familiak eta lagunak elkartu eta txuribeltz giroaz goza dezaten CyD Leonesaren aurreko topaketan. Klubak, hainbat babesleen laguntzarekin, bazkari herrikoia antolatu du 13:00etatik aurrera. Bazkarirako sarrerak salgai daude dagoeneko compralaentrada.com atarian, prezio hauetan: Abonatuentzat 10 eurotan eta bazkide ez direnentzat 12 eurotan.

Klubak, gainera, Stadium Galeko azken bi asteburuetako eskaintza mantenduko du abonatuentzat, hau da, bi sarrera gehigarri erosi ahal izatea, bakoitza euro baten prezioan.

Publiko guztientzako emanaldiak

13:00etatik aurrera etxeko txikienek ere jolas gunea izango dute gaztelu puzgarriekin. 15:00etatik aurrera, hainbat jardueratarako txanda izango da. 15:00etatik 16:15era Berto magoa, 16:30etik 17:15era My Dance Studio eta 17:40tik 18:15era Danza Carioca. Gauerdi txarangak ere herri musikaz girotuko du eguna arratsaldean zehar.

Taldeari harrera

My Dance Studio eta Danza Carioca taldeen emanaldien artean, taldeari harrera egin zaio, 17:15ean Stadium Galera helduko dena. “Gure jokalariek hasiera-hasieratik gure animoak sentitzea nahi dugu, Stadium Galera iristen direnetik babestuta senti daitezen. Has gaitezen partida irabazten une honetatik aurrera”, adierazi du Emeryk. Real Unióneko autobus ofiziala, gainera, leku preferente batean egongo da, zaletu eta jarraitzaile guztiek argazkiak atera ahal izateko.

Kamiseta eta CDa

Efemeridea dela eta, klubak, 45 euroko prezioan (% 10eko deskontua abonatuentzat), oroimenezko kamiseta baten 100 ale atera ditu salgai, beltza, Real Uniónek 1924an Real Madrilen aurka final hura jokatu zueneko elastikoaren antzekoa. Lehen taldeak larunbatean CyD Leonesaren aurka jokatuko du ligako 34. jardunaldiko partida elastiko honekin. Erosi nahi duten zaletuek RUC Store denda ofizialean erosi ahal izango dute, larunbatean 16:30ean irekiko dena.

Klubak, gainera, oroitzapenezko CD bat atera du, Kantak txuribeltzean/Canciones en blanco y negro izenburukoa, historian zehar Real Uniónekin lotuta abestu diren hamar bat abesti biltzen dituena (Aupa Unión, Himno de 1924, Himno del Centenario 2015, Marcha Real Unión, Pasodoble Real Unión, Diana Compañía Real Unión, Alirón, Ni ere txuribeltz eta Aupa Unión). CDa 10 eurotan egongo da salgai.

“Letra banuen, baina duela oso urte gutxi arte ez nuen partiturarik lortu. Handik aurrera, Ángel eta Bar Fuenterrabía tabernako Josemirekin harremanetan jarri nintzen, diskoa aurrera ateratzeko. Oso ondo grabatuta dago eta beste ekarpen bat da ospatuko ditugun mendeurreneko ekitaldi hauetan”, adierazi du Manolo Nietok, diskoaren edizioa aurrera ateratzeko arduradunak.

Himno de 1924 abestiaren interpretazioa

Atsedenaldian, Ángel Pazos tenorrak eta Iker Casares eta Darío Maya baritonoek Himno de 1924 abestia interpretatuko dute lehen aldiz Stadium Galeko aurreko gunean. Gainera, Ángel Pazosek Aupa Unión kantatuko du, klubaren egungo ereserkia.

“Mundu guztiak abesti hauetaz gozatu ahal izatea nahi izan dugu, etxean eduki eta abestuz. “Himno de 1924” abestiaren oinarri musikala bere garaian berreskuratu zen. Irun Hiria Musika Bandak interpretatu du. Oso aberatsa da musikalki, harmonia nahiko konplexuekin eta hiru melodia desberdinekin. Ez da kantatzen erraza. Ereserkiaren testua ere oso aberatsa da, garaipen hartaz harro. Irunez ere asko hitz egiten du, baita nortasun eta taldearekiko lotura horretaz ere”, adierazi du Pazosek.

Talde txapeldunaren ondorengoei deia eta ohorezko sakea

Partida hasi aurretik klubak omenaldia egingo die jokalari txapeldunei. Hori dela eta, klubak dei publikoa egin nahi die talde txapeldunen senideei, 1924ko Koparekin Stadium Galeko berdegunera atera, familiako argazki bat atera eta ohorezko sakea egin dezaten. “Plantilla klubaren historiaren parte da”, adierazi du Igor Emeryk.

Horretarako, klubak prensa@realunionclub.com helbide elektronikoa jartzen du, historia egin zuten jokalarien ondorengoek ere euren presentzia berresteko eta maiatzaren 4an Stadium Galeko berdegunera jauzi egiteko aukera izan dezaten trofeoarekin batera.

1924ko Koparekin argazkia

Klubak Real Unióneko zaletu eta jarraitzaileen eskura jarriko du 1924ko Koparekin argazki bat ateratzeko aukera. Kopa hori RUC Store denda ofizialean egongo da ikusgai bihartik,asteazkenetik, maiatzaren 3a arte, 10:00etatik 12:00etara.

Esker onak

Azkenik, Real Uniónek eskerrak eman nahi dizkie jardunaldi hau antolatzen lagundu duten erakunde, enpresa, babesle, laguntzaile eta entitateei: Forest Pioneer, Cárnicas Rekarte, Bidasoa Frutak, Zapiain Sagardoa, Córner Txuribeltz, Unitravel, Irungo Udala, BM Supermerkatuak, Reflejo Pilomotor, fdefoto, Events Onddar2, Insalus, Aduana Elkartea, Irungo Mendizaleak eta Pastelería Aguirre.

“Partida hura gogoratzeko ekimen zoragarria da. Gure babesa, babesle gisa, kirol-kolektibo batetik haratago doa. Balio horiekiko konpromisoa da, klubak erakusten duena: batasuna, talde-lana, komunitatea barne hartzen duen ikuspegia… Balio horiek sustatzen ditugu enpresan. Lanean irautea, bidean zehar ikastea… benetako harrotasuna da enpresentzat. Data markatua da eta babesleen izenean ere jendea etortzeko deia egin nahi nuke”, adierazi du Marie-Jo Echeverríak, Forest Pioneer enpresaren izenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude