Real Unión klubak hainbat ekimen burutuko ditu datorren igandean 12:00etan CD Numantziaren aurka jokatuko duen partidari begira.
Klubak abonatuen eskura Euro bateko aparteko sarrerak jarriko ditu berriro. Abonatu bakoitzak gehienez hamar sarrera eskuratu ahal izango ditu. Abonatu batek erosten duen sarrera bakoitzeko Euro bateko deskontua izango du zelaiko tabernan, Corner Txuribeltzean.
Gainera, Real Unión klubeko denda ofizialean haurrentzako jardueretarako gune bat prestatuko da, pintakarak eta jolasak izango dituena, zale gazteenek ere partidaren aurretik ondo pasa dezaten. Denda 10:30etik 14:00etara egongo da zabalik.
Entrenatzailearen adierazpenak
Real Unión Klubeko entrenatzailea, Iñaki Goikoetxea, hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Club Deportivo Numantziaren aurkako partidaren atariko prentsaurrekoan.
Teknikari txuribeltzak adierazi duenez, ”partida hau beste aukera bat da guretzako garaipena lortzeko eta jokalariek duten konfiantza areagotzeko, etxean gainera. Partida guztiak irabaztera ateratzen gara. Hobeto edo okerrago ateratzen dira gauzak, baina ideia berdinarekin”.
CD Numantziari buruz, Debako teknikariak adierazi du “lehenengo bueltako antzeko taldea da. Agian sendoagoa da defentsan, gol gutxiago jasotzen ditu eta gol gutxiago sartzen dituzte, sendoagoa da zentzu horretan, baina horretaz aparte antzekoa da. Joko zuzena pila bat, jokalari oso onak dituzte goian bigarren baloiak hartzeko eta erasoak sortzeko, eta atzean jende handia, gogorra eta fisikoki oso fuertea. Egia da han irabazi genuela, baina etxean jolastuta beste pisu bat eduki behar dugu”.
Bere taldeari buruz, Goikok esan du “taldea ondo dago, oso entrenamendu onak egiten ari da eta partiduetan, momentuak hartuta, ondo jokatzen dugu. Erritmoa hartzen dugunean, eta baloia hartzen dugunean, partida nahiko txukunak egin ditugu eta horrek konfiantza ematen digu. Partida hau aukera bat bezala ikusten dugu. Taldea prest dago, gogoz gaude”.
Taldeak gaur entrenatu du eta bihar asteko azken entrenamendua egingo du. Partida igandean jokatuko da Stadium Galen eguerdian, 12:00etan.