Ricardo Requejo Ganbera Zikloak Les Sylvains Ensemble duoa ekarriko du Amaia KZra igandean

Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, Irungo Amaia KZn, igandean, apirilaren 2an, 19:00etan, “Aura Soave” kontzertua eskainiko du Les Sylvains Ensemble duoak.

Armelle Morvan sopranoak eta Arrate Zubigaray klabezin-jotzaileak osatzen dute Les Sylvains Ensemble duoa, eta aurkeztuko duten programak ederki erakusten du a voce sola madrigalek zer bilakaera izan duten XVI. mende amaieran sortu zirenetik.

Ricardo Requejo Ganbera Musikako Zikloaren programaren barruan sartzen da emanaldi hau. Sarrerak (página web) udal-webgunean eskuratu daitezke, eta baita Amaia KZko txarteldegian ere, emankizuna baino ordubete lehenago, sarrerarik geratzen bada. 5 euro balio du sarrerak.

“Aura Soave” 

Bi sailetan zatituta dago emanaldia: alde batetik, erlijioa gai duten Itun Zaharreko bi pieza joko dituzte, Susanaren istorioa eta Kantarik Ederrenaren pasarte bat, eta, bestetik, obra profanoak. Edonola ere, programa osoak ardatz argi bat izango du: maitasun-kontuak.

Ricardo Requejo Ganbera Musikako Zikloa

Ricardo Requejo Zikloa ganbera-musikako kontzertu-programa bat da, eta, horren barruan, kontzertuak eskaintzen dituzte ibilbide profesional nabarmena duten hiriko musikariek. Zikloa bost kontzertuk osatzen dute, eta urtearen lehen erdian programatzen dira Amaia KZn.

Kontzertu horien bidez, musikako ibilbidea Bidasoaldean hasi eta Irungo Musika Eskolan ikasi zuten tokiko artistei aukera ematen zaie egindako aurrerapenak beren hirian bertan erakusteko.

Horregatik, Irungo eta Hondarribiko musikariak izaten dira kontzertuetako protagonistak, eta, batzuetan, baita inguruko beste musikari batzuk edo ohiko laguntzaileak ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude