Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, Amaia KZko oholtzara igoko dira igande honetan, martxoak 19, arratsaldeko 19:00etan, Iñaki Gezala piano-jotzailea eta Oiasso Kamerata harizko musika-tresnen orkestra irundarra, emanaldi bikoitz bat eskaintzeko.
Sergei Rakhmaninov konpositore, pianista eta orkestra-zuzendari errusiarraren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko kontzertu bat eskainiko dute. Erromantizismoaren azken sortzaile handien artean kokatzen dute adituek Rakhmaninov.
Bere ibilbidean zehar, Rakhmaninovek lan ugari idatzi zituen. Horien artean nabarmentzekoak dira pianorako lau kontzertuak, bigarren sinfonia, pianorako preludioak, Études-Tableaux direlakoak eta Paganiniren tema baten gaineko rapsodia. Haren musikaren ezaugarri dira birtuosismo tekniko handia, aberastasun melodikoa eta hunkiberatasuna.
Gonbidapenak Amaia KZren webgunean eskuratu daitezke, baita txarteldegian ere, emankizuna baino ordubete lehenago, sarrerarik geratzen bada. Sarreren prezioa 5 € da.
Ricardo Requejo Ganbera Musikako Zikloa
Ricardo Requejo Zikloan ganbera-musikako kontzertuak eskaintzen dituzte ibilbide profesional nabarmena duten hiriko musikariek. Zikloa bost kontzertuk osatzen dute, eta urtearen lehen erdian programatzen dira Amaia KZn.
Kontzertu horien bidez, musikako ibilbidea Bidasoaldean hasi eta Irungo Musika Eskolan ikasi zuten tokiko artistei aukera ematen zaie egindako aurrerapenak beren hirian bertan erakusteko.
Hortaz, Irungo eta Hondarribiko musikariak izaten dira kontzertuetako protagonistak eta, batzuetan, baita inguruko beste musikari batzuk edo ohiko laguntzaileak ere.