Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuaren eskutik, ostiral honetan, martxoak 17, aniztasun sexuala eta LGTBIQ+ eskubideak bistaratzeko egitarau bat hasiko da, 2023ko irailean bukatuko dena.
Askotariko jarduerak hartuko ditu barnean, hala nola LGTBIQ+ antzerkia, LGTB/Trans Legeari buruzko tertuliak eta LGTBIQ+ zine emanaldiak, jende guztiarentzat, Irungo hainbat lekutan .
“LGTBIQ+ aniztasunari esker, Irun hiri hobea da, libre eta demokratikoagoa. LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen konkista geldiezina da, eta erakundeok eskubideok egikaritzeko lanean segitu behar dugu. Gainera, herritarrak sentsibilizatzen jarraitu behar dugu, eta kolektiboarentzako erreferenteak bistaratzen”, adierazi du Berdintasuneko ordezkari den Miren Echevestek.
Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta interesdunak toki guztiak bete arte sartu ahalko dira.
Hona hemen egitaraua osatzen duten jardueren zerrenda:
- Esnatu naiz kabareta, martxoaren 17an, ostiralarekin, 19:00etan, Oiasso Museoaren egoitzan, euskaraz
Martxoaren 31 Transgeneroen Ikusgaitasunaren Nazioarteko Eguna dela baliatuz, Andoni Mutiloa artistak Esnatu naiz kabareta emango du, antzerkia, musika eta dantza konbinatzen dituen ikuskizun bat, identitatea, harreman fisiko eta afektiboak eta sexualitatea lantzen dituena besteak beste.
- LGTB/Trans Legeari buruzko kafe-tertulia, apirilaren 20an, ostegunarekin, 18:00etan, Oiasso Museoaren tabernan
Transexualen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideen bermerako 4/2023 Legea onartu berri dela baliatuz, LGTBI kolektiboak haren bidez konkistatu dituen eskubideak jendarteratzeko gune bat sortzea da helburua. LGTBIQ+ eskubideetan aditu Oihana Puente Cortés abokatuak zuzenduko du tertulia.
- Haurrentzako antzerkia, maiatzaren 15ean, astelehenarekin, Eguzkitza Haur eta Lehen Hezkuntzako institutuan
Maiatzaren 15a Familien Aniztasunaren Nazioarteko Eguna dela baliatuz, Gehitu elkarteak ikaslerik gazteenen (4-5 urtekoen) artean askotariko familia ereduei buruz hausnarrarazteko eta haiek bistaratzeko antzezlan bat emango du.
Bestalde, Berdintasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ekainaren 28a LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela ospatzeko eta uztailean Harrotasunaren Martxa egiteko lanean ari da, hiriko gizarte eragileekin batera.
Azkenik, irailean, Sublime filma emango da, zeinak 2022an Sebastianne Latino saria irabazi zuen.