José Antonio Santano Irungo alkateak eta Miren Echeveste Berdintasuneko ordezkariak Berdintasun Ministerioak Iruni eman dion saria jaso dute ostiral honetan Madrilen.
Espainiako Gobernuak “Indarkeria sexistaren arloko erakundeen arteko Arreta eta Koordinazio Protokoloa” aintzatetsi du, Emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako tokiko jardunbide egokien VII. Lehiaketaren baitan. Lehiaketa Genero-indarkeriaren aurkako Gobernuaren Ordezkaritzak eta Udalerri eta Probintzien Federazioak antolatu zuten, helburutzat hartuta esperientzia-trukea sustatzea eta toki-erakundeek egindako jarduera eraginkor eta berritzaileenak aitortzea.
Saria jasotzerakoan, alkateak zera esan du: “pertsonei arreta ematea da udalean egiten dugun gauzarik garrantzitsuena. Udaleko Berdintasuneko taldeak zabaltzen jakin izan du; izan ere, emakumeen aurkako indarkeriaren aurka borrokatzeko begirada Berdintasuneko Arloaren begirada da, eta baita Udaltzaingoarena, Ertzaintzarena eta protokoloa osatzen duten oinarrizko arreta-zerbitzuarena ere. Hori da akordioaren balioa; izan ere, lankidetza horretan, administrazio eskuduna edozein dela ere, batu egin gara, erdi-erdian jarri baitugu garrantzitsuena; alegia, biktimei laguntzea eta, ahal bada, prebentzioa”.
Irun ez ezik, Rivas Vaciamadrid, Santa Coloma de Gramanet eta Torrejón de Ardoz hiriak ere aintzatetsi dituzte.