
1922ko abenduaren 24an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte hirian albiste ziren gertaerak islatzen ditu. Aldizkariaren aurreko zenbakietan gertatu bezala, zenbakia aduanako langileen eta instituzioen arteko ika-mikarekin hasten da berriro. “Versos inéditos” atalerako “La noche del amor” olerkiak idatzi ditu Yolek. Orrialdearen amaieran, Eugenio Angoso jaunak Real Unión taldearekin ongintzako futbol partidu bat antolatzea proposatzen du, asiloko neskentzat piano bat erosteko. Jarraian, Ramón Garmendia maisua omentzeko antolatuko den omenaldiaren berri ematen da.

Kirolen atalaren hasieran Real Uniónek Eibarreko jokalarien aurka lortutako garaipena kontatzen da. Era berean, irundar batek Espainiako eta Portugaleko selekzioek jokatutako partiduaren kontaketa egiten du. Atalaren amaieran aldizkaria argitaratu zen egun berean Amuten jokatu zen ongintzako partiduarekin eta urtarrilaren 1ean Real Sociedad Gimnástica taldeak jokatu zuen partiduarekin lotutako informazioa ematen da. “Del coro al caño y del caño al coro” testuan Aduanako langileen gaiari heltzen zaio berriro ere. Snosky kolaboratzaileak aldiz, Amuten jokatutako azken partiduaren kontakizuna egiten du.

Hirugarren orrialdearen hasieran “Los Buenos Amigos” elkarteko kideek Gabonetarako hainbat gau jai antolatu dituztela aipatzen da, ekitaldien xehetasun guztiak emanez. Ondoren, Julián Larzábal irundarraren heriotzaren berri ematen da, hildakoaren bizitza eta hiriari egindako ekarpena errepasatuz. R.A kolaboratzailea, berriz, Espainia eta Portugalen arteko partiduaren testuinguruaz baliatzen da Irunera muga zeharkatu nahian iristen diren portugaldarrek sufritzen dituzten miseriak salatzeko. Orrialdea “Noticias” atalarekin amaitzen da, publizitatez betetako azken orrialdearen aurretik.