Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

2234: Colón pasealekua Geltoki kaletik ikusia. Gainera, argazkian Iparraldeko trenbidea, Trenbide Elkartearen egoitzaren eraikina eta Bidasoako Trenbidearen geltokia ikusi daitezke. Iturria: Irungo Udal Fototeka.

1922ko abenduaren 3an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak biltzen ditu. Céfiroren “Lo que interesa a Irún” artikuluan Aduanen gaiari heltzen zaio berriro. “Versos inéditos” atalean berriz, Yolek idatzitako lehen musuari buruzko bertsoak idazten ditu. “De todo un poco” atalak hainbat albiste labur biltzen ditu, besteak beste, Real Unión eta Realeko jokalarien arteko haserrealdia, Irungo baserri inguruan emakume batek jasandako erasoa eta hurrengo urteko udal aurrekontua. Orrialdearen amaieran Borredak Tito kolaboratzaileari lerro batzuk idazten dizkio onura etxerako piano bat erosi beharrean, Irunek antzoki baten eraikuntzaren premia handiagoa duela azaltzeko.

38562: Zabaltza plaza, musika kioskoa, Correosen eraikina eta Antzoki Nagusia ikus daitezke (1950eko hamarkada). Iturria: Irungo Udal Fototeka.

Kirolen atalak betetzen du aldizkariaren bigarren orrialdearen zati handi bat. Bertan aipatzen dira Real Unión klubeko bigarren taldeak lortutako emaitza onak eta Real Unión eta Realaren arteko partiduaren nondik norakoak, berriro ere futbola izanik ataleko gai nagusia. “Quejumbrosos” titulupean tren geltoki inguruan goizeko 7:00ak aldera gertatu ohi diren argi mozketak salatzen dira. “Por ahí” atalean aldiz, hainbat albiste labur irakurri daitezke: Gabonetako loteriak behartsuen artean pizten duen ilusioa, ongintza etxearentzako piano bat lortzeko zailtasunak eta Amuten egun horretan bertan jokatzekoa zen partidua.

40375: Geltoki kalea; atzealdean, Iparraldeko Trenbidearen geltokia ikusi daitekeelarik. Iturria: Irungo Udal Fototeka.

 

Hirugarren orrialdearen hasieran Satarrkak sinatutako “Bi ume gaxo” olerkia irakurri daiteke euskaraz. “En el municipio” atalak udal bilkurako erabaki eta akordioen zerrenda argitaratzen du. Jarraian, Eskola Graduatuko maisuak aurreko zenbakian argitaratutako eskutitz polemikoari erantzuten dio “El autor replicado”-k azken idazkian irakurri ahal izan ziren errespetu falta ugariak salatzeko. Azkenik, “Noticias” atalean txandakako farmazia, organogilearen, parrokiako organistaren baja eta Erregistro Zibilean azken egunetan erregistratutako jaiotzak, ezkontzak eta heriotzak zerrendatzen dira. Azkenik, aldizkariaren laugarren orrialdea publizitate iragarkiz beteta dago.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude