2023an ere hiriko garraio publikoko autobusen tarifen %50eko hobariari eutsiko dio udalak

José Antonio Santano alkateak Udalaren apustua berretsi du, hots, 2023an ere eustea garraio publikoko tarifen % 50eko hobariari. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumeneko gainerako hobariei gaineratuko litzaieke.

Alkatearen hitzetan, «erabiltzaileek garraio publikoa erabiltzeagatik ordaintzen duten kostua erdira murrizteko laguntza publikoek erakutsi dute oso neurri erraza eta praktikoa direla garraio publikoaren erabilera handitzeko eta, horrela, gure hirietako mugikortasun jasangarria hobetzeko, hori udalerri guztiok dugun helburua izanik. Baina, gainera, familien ekonomiak apur bat arintzeko ere balio dute. Hortaz, neurri positiboa da, edonondik begiratuta ere». Alkateak, gainera, gogora ekarri du neurri hori ezarri zenetik erabiltzaile kopuruak gora egin duela.

Santanok azaldu duenez, urtea amaitu aurretik eztabaidatuko den Irungo aurrekontu-proiektuan  jasota dago prezioen beherapen horri aurre egiteko partida bat, Udalaren eskumeneko hiriko autobusei dagokienez.

«Garrantzitsua da -azaldu du Santanok- erakunde guztiok ikusi dugunean neurri ona dela, bakoitzak bere arduren eta aurrekontuen esparruan beherapenari aurre egiteko baliabideak jartzea. Garraio publikoa euskal erakundeen eskumenekoa da».

Gogoan izan behar da garraio kolektiboa sustatzeko gobernu zentralaren lege-dekretuaren ondorioz murriztu zirela tarifak. Praktikan, dekretu hori onetsi zenetik, Irunbuseko autobusetan, taxibusetan eta landa-autobusetan Mugi txartela erabiltzen dutenek % 50erainoko beherapenak izan dituzte txartelean. Hasiera batean hobariak abenduaren 31ra arte mantentzea erabaki zen eta ondoren, urrian, alkateak adierazi zuen Udalaren asmoa zela deskontu hori 2023 osoan mantentzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude