José Antonio Santano, Irungo alkatea: “Erantzukizun handia da, baina, lantalde trebea dugu gurekin”

José Antonio Santano Irungo alkatea da 2002. urtetik. 2019. urtearen amaieratik mundu osoan zabaldutako COVID-19aren pandemiaren ondorioz, erabaki ezohikoak hartu behar izan ditu udaleko ordezkari nagusi gisa. Azken hilabeteetan zehar hartutako neurri eta erabakiak azaltzeaz gainera, hiriaren etorkizun hurbilaren inguruan hitz egin du alkateak.

Inoiz horrelako egoera bati aurre egin beharko zeniola imajinatu zenuen?
Ez, inoiz ez, beste askori gertatzen zaien moduan. Izan ere, ez dugu egoera honen aurrean zer egin behar dugun erakusten digun erabilera-eskulibururik. Egoera berri bat denez, osasun jarraibideak errespetatuz eta bakoitzaren antolaketa gaitasunak elkartuz hiritarren beharrak erantzuteko ahalegintzen ari gara. Hortaz gain, udal talde politikoen arteko batasuna egoerari aurre egiten laguntzen digun beste gakoetako bat da.

Alkate karguak ardura pisutsuagoak ditu egoera honetan?
Bai, izan ere jende asko zure erabakien eraginpean dagoela dakizulako. Udalak gara kaleetatik hurbilen dagoen instituzioa eta, ondorioz, sortzen diren premiazko beharrei erantzuna eman behar diegu, adibidez, adineko pertsonekin edo arazo ekonomikoak dauzkaten familien kasuan. Erantzukizun handia da, baina, lantalde trebea dugu atzetik, lasaitasun handia ematen didana. Lo egin ezinean ordu asko igaro arren, babes horrek lasaitasuna ematen dizu.

Zeintzuk izan ziren osasun krisiaren hasierak sortutako premia larrienak?
Lehen unetik argi izan genuen udala kolektibo ahulenak laguntzeko antolatu behar genuela, beraz, arazoetara aurreratzen saiatzeko bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonekin harremanetan jarri ginen telefonoz. Ostean, bestelako kolektiboekin hitz egin dugu, guztira, 6.000 dei baino gehiago egin dira haien egoera aztertu eta premiazko beharrak identifikatzeko. Bestetik, laguntza ekonomikoa behar zuten 100 familia baino gehiago lagundu ditugu.

Zein izan da krisialdian zehar hartutako erabaki konplikatuena?
Zailena osasun krisialdiaren ondorioz sor daitezkeen egoera posible guztiak aurreikustea da. Horrergatik, erabaki orokorrak hartu ditugu lehenengo, ondoren, hiritarren arretarako zerbitzuen bitartez jaso ditugu behar zehatzak erantzuten saiatzeko. Behar oro ezberdinak dauzkaten familia eta pertsonak lagundu nahi dituzu, baina, ez da lan erraza.

“Zailena osasun krisialdiaren ondorioz sor daitezkeen egoera posible guztiak aurreikuste da”

Hiritarrek udalari haien kezka edo beharrak jakinarazteko modurik dute?
Hiritarrek udalarekin kontaktuak jartzeko modu asko dauzkate, udal webguneaz gainera, Ongizate arloarekin kontaktuak jartzeko telefono zenbakia dugu edo astelehenetik igandera martxan dago 010 telefono zenbakia. Gainera, beharrezkoa balitz Udaltzaingo edo Ertzaintzarekin ere harremanetan jartzeko aukera dute, beraz, irundarrek zalantzak argitzeko bide asko dauzkate aukeran.

Hiriko osasun zentroei dagokienez, egoera kontrolpean dago une honetan?
Bai, egunero osasun zentroen egoeraren inguruko informazioa jasotzen dut eta azpimarratu behar dut Bidasoako ospitalearekin oso komunikazio ona daukagula. Azken asteetan egoera asko hobetu da eta kutsaketen erritmoa murrizteaz gainera, ospitaleratutako pertsonen kopurua era nabarmenean murriztu da. Datuak itxaropentsuak izan arren, adi egon behar gara txertoa aurkitu arte, gaixotasunaren zabalpena ekiditen jarraitzeko.

Hiria alarma-egoerak ezarritako neurriak betetzeko egokitzea erraza izan da?
Ez da erraza izan, inork ez zuelako imajinatzen noizbait horrelako zerbait biziko genuenik. Udalean lan egiten duten pertsonen inplikazioa funtsezkoa izan da, eginbeharrak berrantolatu eta zailtasunei aurre egiteko. Adibidez, adineko pertsonei egindako deietan, Ongizate arloko langileez gainera, udaleko beste arloetako langileen kolaborazioa izan dugu ere. Jarrera eredugarria iruditzen zait eta hiritarren kolaborazioari esker, hasieran uste genuena baino errazagoa izan da dena.

Salbuespenezko egoera honetan inguruko hirietako udalekin harremanetan jarraitzen duzue?
Inguruko hiri eta herri ezberdinetako udaletxeekin kontaktuan gaude. Adibidez, Hondarribiko udalarekin asko hitz egiten dugu, besteak beste, mankomunitatearen kudeaketa partekatzen dugulako. Bestetik, Hendaiako udalarekin kontaktuan jarraitu dut, muga eta administrazio ezberdinek elkarlanerako aukerak murriztu arren. Hortaz gain, Donostia, Errenteria, Eibar eta eskualdeetako buru diren udalekin kontaktuan gaude Euskadiko Udalen Elkartearen bitartez. Osasun krisialdi honetan komunikazioa oso garrantzitsua iruditzen zait, esperientziak partekatu, ideiak hartu eta erabaki bateratuak adosteko. Azken finean, herri desberdinetan bizi arren, pertsonek antzeko beharrak dauzkate eta bilera telematiko hauek gure hirian martxan jarri diren ekimen berritzaileak partekatzeko aukera eman digute.

Irunen kasuan, Irun Aurrera planaren bitartez oinarrizko beharrak erantzuten saiatu zarete?
Bai, apirilaren 29tik aurrera jasoko ditugu lehen eskaerak, baina, plan integral bat sortzeko esfortzu handia egin dugu. Horrela, 6.0000.000 eurotik gorako aurrekontuarekin arlo soziala lantzeaz gainera, arlo ekonomikoan ere hiritarrak laguntzeko asmoa duena. Lehenengo plan honek eskainitako laguntzen bitartez, hiritarrei egoerari eusteko baliabideak eman nahi zaizkie, adibidez, bertako merkataritza eta ostalaritzaren etorkizuna bermatzen saiatzeko. Era berean, bertako enplegu eta kontsumoa babestu nahi izan dugu hartutako neurrien bitartez. Ordu asko eman ditugu udala osatzen duten talde politiko ezberdinekin hitz egin eta hartu beharreko neurriak adosteko. Dena dela, egoeraren bilakaera gertutik jarraituko dugu etorkizunean sortu daitezkeen behar posibleak identifikatu eta hiriko ehundura sozioekonomikoa babesten jarraitzeko.

Osasun krisialdiak etorkizunean bertako ekonomian eraginik izan dezakeela aurreikusten duzue?
Bai, izan ere, egoerak eragindako lehen ondorioak antzematen hasi gara eta etorkizunean zailtasun gehiago azaleratuko dira ziurrenik. Besteak beste, argi dugu udal diru-sarrerak murriztuko direla edo baliabideak murriztu beharko ditugula. Hortaz gain, hiriko enpresa zein bertako merkataritzan eragina izango duela aurreikusten dugu. Horregatik, egoerak iraun bitartean gure laguntza eskaintzen saiatuko gara, gizarte guztiaren ardura izan arren, udala erantzukizun horren erakusle garbia izan behar delako. Ziurrenik neurri berriak hartzea beharrezkoa izango da eta behar horiek lehenbailehen identifikatu ahal izateko entzuteko prest egon nahi dugu.

“Udalean lan egiten duten pertsonen inplikazioa funtsezkoa izan da, eginbeharrak berrantolatu eta zailtasunei aurre egiteko”

Nolako erantzuna eman dute hiritarrek egoera honen aurrean?
Orokorrean gizarteak emandako erantzuna oso ona izan dela uste dugu, beti gertatu ohi den bezala, tarteka egokiak ez diren portaerak azaleratu arren. Hiritar gehienak arduraz eta zentzuz jokatzen ari direla uste dugu, alarma egoeraren ondorioz ezarritako neurriak betez. Jarrera egoki horien erakusle zuzena da azken asteetan zehar gaixotasunaren ondorioz kutsatu edo hildako pertsonen kopurua murriztu izana. Datozen egun eta asteetan zehar orain arte izandako jarrera arduratsu hori mantentzea ezinbestekoa da, etorkizunean gaixotasunaren agerraldi berriak saihesteko.

Teknologia berriak eta sare sozialak funtsezkoak izan dira egoera berri honetan udal jarduerarekin jarraitzeko?
Bai, zalantzarik gabe, egoera honek mundu digitalak telelana errazteko eskaintzen dituen baliabide zabalak deskubritzeko aukera eman digu. Izan ere, udal langile askok etxetik lan egiteko aukera izan dute eta behar bezala koordinatutako lanak fruituak ematen dituela egiaztatu dugu. Adibidez, teknikariekin edo talde politikoekin egiten ditugun bilera ezberdinak modu telematikoan egiten ditugu. Bestetik, kaltetutako sektoreen egoera ezagutzeko bilerak edo alkateen arteko bilerak ere on-line egiten ditugu. Horrela, orain arte eskura genituen tresna eta aplikazio teknologikoei erabilera berriak aurkitu dizkiegu. Horrelako baliabiderik gabe oso konplikatua izango litzateke antzeko egoera edo krisialdi bati aurre egin ahal izatea. Duela 25 urte egoera bera bizi izan bagenu, elkarren artean komunikatu edo arazoei erantzuteko gaitasuna murritzagoa izango zen zalantzarik gabe.

Udalak hiritar guztiak babesteko maskara edo eskularruak banatzeko asmoa du?
Azken asteetan zehar udalak garraio publikoa erabili duten pertsonen artean milaka maskara babesle banatu ditu, era honetan, pertsona asko pilatu ohi diren leku txikietan gaixotasuna kutsatzeko aukerak murrizteko. Ginera, etorkizunean beharrezkoa balitz, antzeko neurriak hartzeko prest gaude.

Sanmartzialak hiriko egutegiko data garrantzitsuenetako bat dira. Jaien ospakizunaren inguruko erabakirik hartu duzue?
Ez, oraindik ez dugu garaiaren inguruko erabaki zehatzik hartu. Momentuan bizi dugun egoera ikusita, datozen hilabeteetan zehar pertsona kontzentrazio handiak gertatzea ekiditen jarraitu beharko dela dirudi, edonolako arrazoien gainetik. Azken erabakia hartu baino lehen, Euskadi mailan Diputazioak, EUDEL eta Eusko Jaurlaritza biltzen dituen lantaldea sortu da erabaki orokorrak hartzeko asmoz, izan ere, zentzugabea litzateke herri bakoitzean neurri ezberdinak hartzea. Maiatzaren 10ra arte antzeko erabakiak hartzeko lanean ari gara eta aste horren inguruan azken erabakia hartzeko prest egongo garela uste dugu. Hartutako erabakiek, hiriko jaiak baldintzatzeaz gainera, udako hilabeteetan zehar hirian antolatu ohi diren bestelako ekintzetan eragin izango du.

“Desgaitasunen bat duten pertsonak laguntzeko ahalegin berezia egiten ari gara, erantzun zuzen eta pertsonalizatua eskaintzeko”

Zeintzuk dira datozen egun edo asteetarako udaletik aurreikusten diren hurrengo ekintzak?
Zentzu horretan, desgaitasunen bat duten pertsonak laguntzeko ahalegin berezia egiten ari gara, erantzun zuzen eta pertsonalizatua eskaintzeko. Hala ere, momentu batetik bestera sortu daitezkeen behar berriei erantzuteko prest gaude. Datozen asteetan zehar, konfinamendua murrizten joan heinean, neurri eta erabaki berri asko hartu beharko ditugu. Horrela, udal aurrekontua moldatzeaz gainera, lehentasun berria ezartzea ezinbesteko izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude