Irungo Udalak jakinarazten du emakume sortzaileen azoka izango dugula San Juan Plazan, Gazteria arloaren Konekta zerbitzuak antolatuta, astebururako antolatu diren jardueren artean. Gure hiriko gazteen sormen-lanak sustatu eta ezagutzera emateko xedea duen ekimenaren hirugarren edizioa izango da. Azoka 10:00etan hasiko da eta 14:00ak arte luzatuko da. Funtsean, marrazkiak aurkituko ditugu, askotariko euskarrietan.
Zehazki, Irungo artista, sortzaile eta artisauak ezagutarazi nahi dira, herritarrei beren artea erakusteko aukera eskainita. Gainera, ekimen hauei esker, artista eta artisau gazteen sare bat sortu nahi da.
Hauek dira artista protagonistak:
Julia Lasa:
Irudiak eta liburuak dira haren artearen oinarria. Bere estiloan oinarritutako margolanak eta irudiak sortzen ditu. @julia.lasa
Ane Zufiaurre:
Artista honek irudiak sortzen ditu, bai eskuz, bai bitarteko digitalen bidez, gure egunerokotasuneko egoeretan oinarrituta. @ane.ilustra
Patri Taberna:
Artista honek irudi digitalak sortzen ditu gure inguruneko naturan oinarrituta, besteak beste. @patri.taberna
Aiuma (Iraitz Arabolaza):
Artista honek belarritako eta lepoko originalak egiten ditu eskuz. Gainera, muralismoan ere aritu izan da. @iraitz_paintings
Puntutapunto (Maria Fierro):
Artista honek irudi digitalak, artisautzako belarritakoak eta paperezko koadernoak sortzen ditu, eskura dituen material guztiak erabilita. @puntutapunto
Matrape Macrame (June):
Artisau honek makramezko artisautza-lanak egiten ditu (belarritakoak, eskumuturrekoak, lepokoak…) baita kakorratzez egindako arropa ere. @matrape_macrame
Alanas Cotton (Alba):
Artista honek eskuzko margolanak egiten ditu, baita irudi digitalak ere. @alanas_cotton