ADIFek Irungo tren-geltoki berria eraikitzeko lanak esleitu ditu

Berria Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Raquel Sánchez ministroak eman zuen abenduaren 9an Irunen Jose Antonio Santano alkateari egindako bisitan, eta asteazken honetan berretsi da: ADIFek Irungo etorkizuneko nazioarteko tren-geltokia eraikitzeko lanak esleitu ditu.

José Antonio Santano Irungo alkateak albistearen balorazio positiboa egin du.  “Albiste bikaina da urte hau amaitzeko, izan ere, aspalditik ari gara horretan lanean”. Hitzetatik ekintzetara igaro da proiektua, eta hiriaren historiako inbertsio publiko garrantzitsuena da, 65 milioi euro izango baitira. “Hirigunea eraldatzeko palanka da, Vía Irun proiektuarn garapenarekin batera”, esan du Santano alkateak.

2023an hasiko dira obrak

Zerbitzu guztiak bilduko dituen eraikin berria giltzarrietako bat da, trenbide-eremua hirian berritzeko. Etorkizuneko geltokia 65 milioitan esleitu dute, eta hitzartutako trenbide- eta hiri-betekizunei erantzungo die. Horrela, aduana zaharraren aldean etorkizunerako aurreikusitako garapenekin integratuko da, eta, aldi berean, hiria intermodalitatearen eta mugikortasun jasangarriaren erreferente gisa finkatuko da.

Lanak egiteko epea bi urte eta erdikoa da, eta Obrascon Huarte Lain eta Construcciones Adolfo Sobrino enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zaizkio.

Zubi gisako eraikin bat planteatzen da, bideen gainetik joango dena, eta mendebaldeko muturrean San Migel auzoarekin lotua egongo da plaza berri baten bidez. Horrek esan nahi du egungo eraikina eta nasen ondoko beste higiezin tekniko batzuk eraitsi egingo direla.

Beste aldetiko konexioa, berriz, geltokia eta Sebastián Errazu kalea lotzeko hiri-pasabide baten bidez izango da. Hain zuzen ere, Adifek hitzarmen bat sinatu du Eusko Jaurlaritzarekin eta Irungo Udalarekin, mugikortasuna eta garraio publikoaren erabilera sustatuko dituen jarduera horri ekiteko.

Besteak beste, trenbideak berrantolatuko dira, nasak zabaltzeko eta distantzia luzeko eta nazioarteko trenetako edukiera handitzeko, baita aldiriko eta distantzia ertaineko trenei dagokienez ere. Bigarren eraikin txikiago bat izango da autobus-operadoreentzat eta autoak alokatzeko, eta taxi-geraleku bat eta bizikletentzako aparkaleku bat ere egingo dira.

Azpimarratzekoa da eraikin nagusiko estalki handiak 180 panel fotovoltaikoz osatutako sistema bat izango duela eguzki-energia hartzeko. Halaber, aparkalekuaren berrantolaketaren barruan, 150 plaza izango baititu, horietako batzuk ibilgailu elektrikoetarako egingo dira, birkarga-puntuak jarrita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude