Irungo geltoki berriaren proiektua urtea bukatu aurretik esleituko da

Ostiral honetan, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako ministro Raquel Sánchez Irunen izan da, VíaIrun proiektuaren barruan hirian nazioarteko geltoki berri bat eraikitzeko proiektuaren aurrerapausoak ikusten. Bertatik bertara ezagutu du proiektua, Irungo alkate José Antonio Santanoren eskutik, eta haiekin izan dira Gobernuaren Euskadiko ordezkari Denis Itxaso eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko buru Iñaki Arriola ere.

Irungo udaletxean hasi da bisita: bertan, alkateak, udal talde guztien ordezkariekin batera, proiektuaren ildo nagusiak azaldu dizkio ministroari. Ondoren, Irungo egungo geltokira joan dira, instalazioak ezagutzera.

Ministroak han baieztatu duenez, urtea bukatu aurretik esleituko dira nazioarteko geltoki berria eraikitzeko lanak. “Pozik nago Irunen egoteaz […], proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera izateagatik eta proiektuak azkenean aurrera egingo duela ikusteagatik; izan ere, ahalik eta lasterren hasi ahal izateko moduan esleituko ditugu lanak, urte bukaera aurretik. Gainera, hiri proiektu bat ospatzen ari gara, intermodalitateari eta trena hobetzeari dagokionez ez ezik, baita trenbideak hirian integratzeari dagokionez ere”.

Irungo alkate José Antonio Santanok “mugarritzat” hartu du albistea: “Hitzetatik ekintzetara pasatzen ari gara”. Gainera, gogorarazi duenez, “hiriaren historian inoiz egin den inbertsio publikorik handiena da hau, 70 milioi euro baino gehiago baitira, baita VíaIrun proiektua gauzatuta hiriaren erdialdea aldatu eta eraldatzeko eragile bat”.

Behin lanak esleituta, adjudikaziodunak bi urte eta erdiko epea izango du haiek egiteko.  Esan bezala, aurrekontua 70 milioi euro inguru da, eta geltoki berria trenbideen gainetik hegan egingo duen zubi moduko bat izango da, hiriarekin mendebaldeko muturrean eraikiko den plaza berri baten bidez lotuko dena.  Proiektuak eraikin berrian bilduko ditu trenaren esparruko zerbitzu guztiak, eta, hortaz, egungo eraikina eta nasen ondoko beste higiezin tekniko batzuk eraitsiko dira.

Proiektuaren lehenengo fasearen barruan eraikiko da geltoki berria. 76.400 metro karratuko eremuan esku hartuko da, eta, bertan, nazioarteko geltokiaz gain, jarduera ekonomikoak, etxebizitzak, berdeguneak eta ekipamendu publikoak kokatuko dira, besteak beste.

Pasarela berria

Trenbideak hirian integratzeko proiektu honen testuinguruan, ADIFek hitzarmen bat sinatu du Eusko Jaurlaritzarekin eta Irungo Udalarekin, hirian oinezkoentzako pasarela berri bat eraikitzeko, geltokia bera eta hiria lotuko dituena, eta, horrela, mugikortasuna eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko.

Pasarela eraikitzeko, zortzi milioi euro baino gehiago inbertitu beharko dira (6,8 milioi euro, BEZa kontuan hartu gabe), eta pasarela berriak geltokia eta inguruko auzoak lotuko ditu, modu irisgarrian; zehazki, terminal berriaren iparraldeko albo osoko eta VíaIrun eremuko zabaltza  zeharkatuko ditu, eta Sebastian Errazu kalera emango du.

ADIF proiektua idazteaz eta lanak egin eta zuzentzeaz arduratuko da, eta, gainera, jarduketen % 33,33 finantzatuko du. Udalak, berriz, lanen % 44,45 finantzatuko du, eta, behin pasarela eraikitzeko lanak bukatuta, hura mantendu eta kontserbatzeaz arduratuko da. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak pasarelaren kostuaren % 22,22 finantzatzeko konpromisoa hartu du.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude