Anakak kofradiaren 5. kapitulua ospatu zuen azaroaren 20an

Azaroaren 20an Anakak kofradiaren 5. kapitulua ospatu zuen. Horrela, Anakako Kofradiak hiru kofrade berri tronuratu zituen: Iñigo Lavado sukaldaria, Maria Martín Campos sopranoa eta Juanma Garate txirrindulari ohia. Iñigo Lavado jatetxea eta Ficoba izan dira ospakizunerako aukeratutako egoitzak. Anaka Kofradiaren V. kapitulua ospatzeko 17 kofradia elkartu ziren.

Kofradiak bere 5. kapitulua ospatzea lortu zuen, azken hiru urteetan hitzordua atzeratu ostean. Ospakizunak goizeko 10:00etan hasi ziren Iñigo Lavado jatetxean eskainitako gosariarekin. Gosea ase ondoren, kofradiakideak Santiagoko Bidegorrian desfilatzeko prestatu ziren, baina aldizkako zaparradek ezinezko misio bihurtu zuten. Azkenean, desfilea Ficobako erakustazokaren kanpoaldetik egin zen, zeruko ostarteak aprobetxatuz, baina betiere estalkiaren babesetik gehiegi aldendu gabe.

Anaka Kofradiako Pifano eta Danbora Bandaren erritmoan ibili ostean, eguerdiko 12:00etan Ficobako aretoan Anaka Kofradiaren bosgarren kapitulua ospatzeko ekitaldi ofiziala hasi zen. Tronuratu beharreko kofrade berriez gain, Anaka eta jardunaldian parte hartu zuten gainontzeko kofradietako kideak, José Antonio Santano alkatea, Borja Olazabal Kirol ordezkaria eta Irungo EAJ alderdiko Xabier Iridoy hurbildu ziren ekitaldira. Juanma Garatek ezin izan zuen jardunaldian parte hartu goiz horretan bertan Covid-19an positibo eman baitzuen. Bere ordez, arrebak eta amak jaso zuten Garateri eskainitako saria. Horrela, Maria Martín Campos sopranoarekin eta Iñigo Lavado sukaldariarekin batera kofrade txapela, medailoia eta kapa jantzi zituzten, juramentua onartu eta erritua amaitzeko Irungo tortillaren pintxo bat dastatu zuten. Ekitaldiaren amaieran Atzokoak koruak kontzertua eskaini zuen, 14:00etan Iñigo Lavado jatetxean bazkariari hasiera eman aurretik.

Izendapen berriak
Iñigo Lavado zein Maria Martín Campos pozik agertu dira Anaka Kofradiak eskainitako aintzatespenarekin. Lavado sukaldariak adierazi duenez, “poztasunaz gain, oso eskertuta nago aipamen hau jasotzeagatik, oso polita baita ingurukoak zutaz oroitzen direla ikustea”. Tronuratutako kofrade berrietako bat izateaz gain, Iñigo jardunaldiko anfitrioia ere izan da, gosaria eta bazkaria bere jatetxean egin baitira. Sukaldariak azaldu duenez, “jendeari gozaraztea gustatzen zait, eta, beraz, zoragarria izan da nire etxean zaintzea”.

Maria Martín Camposek berriz, Madriletik etxera itzultzeko eta errekonozimendua jasotzeko bidaia azkar bat egin du, Sofia Erregina Musikako Goi Mailako Eskolan masterra egiten ari baita oraintxe. “Kofradiakide izateko aukeratua izan nintzela esateko deitu zidatenean txundituta geratu nintzen, baina zalantzarik gabe onartu nuen, nola ez”, adierazi du kantariak. Ekitaldian parte hartu zuten bi omenduek Irunen bertan beraien ibilbide profesionalarekiko aintzatespena jasotzearen garrantzia azpimarratu dute. Soprano irundarraren hitzetan, “zure hirian bertan errekonozimendu bat jasotzen duzunean konturatzen zara ingurukoek lortzen ari zaren guztia ulertzen dutela”.

Irungo Kofradien elkarketa
Datorren urtetik aurrera Anaka Kofradiak ez du urteko kapitulua bakarrik ospatuko. Izan ere, Anaka Kofradiak eta Bidasoko Izokinaren Kofradiak aurrerantzean indarrak batuko dituzte urteko kapitulua bezalako ospakizunak elkarrekin ospatzeko. Horretarako, Irungo Kofradia izena sortu dute elkarrekin antolatuko dituzten ekintzei begira, nahiz eta kofradia bakoitzak bere izen eta izaera propioa mantentzen jarraituko duen. Anaka Kofradiaren 5. kapitulua aprobetxatu zuten bateratzearen berri emateko. Era berean, Santano alkateak jakinarazi du hurrengo urtean udal bilkura aretoak “ohore handiz” hartuko duela Irungo Kofradien kapituluaren ospakizuna. Beraz, argi dago datorren kapitulu bateratua ohi baino bereziago izango dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude