Irun 1522 Fundazioak mikrofinantzaketa kanpaina abiatu du San Martzialeko guduari buruzko dokumentala egiteko

San Martzial 1go Guduaren V. Mendeurrena Fundazioak San Martzialeko guduari buruzko dokumentala egingo du. ‘San Martzial 1522: gudu bat baino askoz gehiago’ ikus-entzunezko proiektua egiteko fundazioak mikrofinantzaketa kanpaina abiatu du. Proiektua Irungo Producciones Artísticas Ipso Facto produktorearen laguntzarekin sortu da, Mario Simancasek zuzentzen du, eta herritarren parte-hartzeari irekita dago.

Dokumentalaren helburua herritar guztiei 1522ko batailaren gaineko gertaerak nola gauzatu ziren jakinaraztea da, datorren urtean bosgarren mendeurrena beteko baita. “Gure historiako garai hartako herritarren espiritua transmititu nahi genuke: nola gauzatu ziren gertaerak eta nola eragin zuen herrian eta garaiko merkatariengan. Izan ere, hura ez zen nolanahiko gudua izan, jendea batu zuen berea zena defendatzeko. Eta orain arte ez dago gertaera horien berri ematen duen ikus-entzunezko lanik”, azaldu du Iñaki Arruabarrena Fundazioko lehendakariak. Iñaki Garrido Yerobi Irun 1522 fundazioko kide eta aholkulari historikoaren hitzetan, “urtero ez dira 500 urte betetzen eta dokumentala urteurrena ospatzeko modua izango da”.

Guduaren historia sustatzeaz eta ezagutzera emateaz gain, ikus-entzunezko proiektu honen bidez, Fundazioak Irungo herritarrak herri gisa duten historian sartu nahi ditu, herritarren ahalik eta lankidetza handiena bilatuz. Iñaki Garrido Yeroibi fundazioko aholkulari historikoak azaldu duenez, dokumentala egiteko Irungo familia baten bizipenetan zentratuko dira, dokumentalaren bitartez guduak hirian izandako ondorioak azaltzeko. Ildo horretan, nabarmentzekoa da Pagoki elkartearekin izandako lankidetza ekimen hau abian jartzeko.

Dokumentalak, halaber, turistak eta kultura zaleak erakartzeko Irungo aurkezpen- eta promozio-txartela izan nahi du. Era berean, hiriak XVI. mendean kokagune estrategiko gisa zuen garrantzia ulertzea eta inguruko komunitateei bakearen eta bizikidetzaren aldeko mezua helaraztea du helburu, Bidasoako eskualdean herritarren batasuna markatu zuten gertaeretako baten bidez memoria historikotik erreskatatuz.

Mikrofinantzaketa-kanpaina
Dokumentala egin ahal izateko, Irun 1522 Fundazioak “herritarren laguntza behar duela”, ziurtatu du Arruabarrenak. “Horregatik jarri dugu martxan mikrofinantzaketa-kanpaina bat eta, horren bidez, herritarrek nahi duten balioan egin ahal izango dituzte dohaintzak”, gaineratu du Iñaki Arruabarrenak. Iñaki Garrido Yerobiren hitzetan, “jendeari mikrofinantzaketa kanpainan parte hartzea eskatuko nioke, haien proiektu propioa balitz bezala”. Izan ere, fundazioko historia aholkulariak gehitu duenez, Irungo hiriarentzat propio sortutako proiektua izango da, hiriko ondarea osatzeko balioko duena.
Kanpainara goteo.cc/irun1522 webgunearen bidez sar daiteke. Plataforma horretan, erabiltzaileek eman beharreko kopurua aukeratu ahal izango dute. Laguntzen duen herritar bakoitzak dokumentalaren kartel digital bat jasoko du, eta, 20 eurotik aurrera, beste sari batzuk emango zaizkio, hala nola Fundazioak argitaratutako Osasun Jardunaldien liburuaren aleak, dokumentalaren aurrestreinaldirako gonbidapenak edo ikus-entzunezko kredituen esker onetan agertzeko aukera.

Mikrofinantzaketa-kanpainaren bitartez bildutako aurrekontua ‘San Martzial 1522: gudu bat baino askoz gehiago’ dokumentalaren ekoizpenean erabiliko da. Iñaki Garrido Yerobik aurreratu duenez, ikus-entzunezkoaren grabaketa lanetan gutxi gorabehera 110 pertsonek parte hartuko dute aktoreek eta teknikariek osatutako lantaldean. Gainera, aurrekontuaren zati handi bat aktoreentzako arropa berria sortzeko erabiliko da, izan ere, dokumentalean 1522 urteko jendea nola janzten zen islatuko da. Grabaketa-lanak aste betean amaitzea espero da eta dokumentalaren muntaketa urte amaierarako burututa izatea aurreikusten du Irun 1522 Fundazioak.

Fundazioak mikrofinantziazio-kanpaina honen bidez bere helburuak lortzen baditu, uztailaren 6 arte dago epea diru nahikoa lortzeko, ekainaren amaieran hasiko da dokumentala grabatzen. Gudua gertatu zen kokalekuak ahalik eta zehatzen birsortzeko, grabazioa Gazteluzarreko gazteluan, Aldabe mendian, Hondarribiko Carlos V Paradorean, Jaizubiako paduretan edo Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren parrokia-elizan egingo da, baita Bidasoko eskualdeko hainbat kaletan ere.

Iñaki Arruabarrenak “proiektu honetan bere aletxoa emateko” deia egin die herritarrei, “espero dugu jendeari guri adina ilusio eragitea. Gure historia gordetzeko aukera paregabea da eta guztion laguntzarekin errealitate bihurtzea nahiko genuke”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude