Kutxa Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) “Eklipseak eta asmakizunak: Eguzkiaren itzalean” izeneko hitzaldi-zikloa antolatu dute, eguzki-eklipseei eta horiek zientziaren aurrerabidean duten funtsezko eginkizunari eskainia. Ziklo honen esparruan, Silvia Bonoli astrofisikariak gaur bertan, ekainak 4, arratsaldeko 18:30etik 19:30era, hitzaldia emango du Irungo Oiasso Erromatar Museoan. Sarrera erabat librea izango da lekua bete arte, aforo mugatuarekin, eta saioa gaztelaniaz garatuko da.
Hitzaldi hau datorren abuztuaren 12an Iberiar Penintsulako zenbait tokitatik ikusi ahal izango den eguzki-eklipse osoaren atarian kokatzen da, gure inguruko argia, tenperatura eta soinuak erabat eraldatuko dituen fenomeno natural ikusgarri baten aurretik. Bere edertasunetik haratago, eguzki-eklipse osoak funtsezkoak izan dira ezagutza zientifikoaren aurrerapenerako. Gaurko jarduera hau, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako “Jakinaldia. 2026ko eklipsearen jaia” ekimeneko programaren parte da, eta Oiasso Museoa, Laboratorium Museoa eta Jakindari ditu laguntzaile.
Galaxiako bazter urrunenetara
Gaurko saioan, Silvia Bonolik eklispeei esker posible izan diren aurkikuntza harrigarrienetako batzuk errepasatuko ditu, gure planetatik galaxiako bazter urrunenetara eramango gaituen bidaia batean. Bonoli astrofisikaria eta Ikerbasque ikertzailea da DIPCen 2018tik, eta bere lan zientifikoa zulo beltz supermasiboen azterketan oinarritzen da, bere sorreratik hasi eta bertan dauden galaxietan duten eragineraino. Boloniako Unibertsitatean, Torontoko Unibertsitatean eta Municheko Astrofisikako Max Planck Institutuan hezia, nazioarteko erreferentziazko zentroetan garatu du bere ikerketa-ibilbidea. Dibulgazioarekin konprometitua dagoenez, aktiboki parte hartzen du zientzia gizarteratzeko ekimenetan, eta hitzaldiari buruzko informazio gehiago Kutxa Fundazioaren webgunean dago eskuragarri.



