Cita Go-On proiektuaren bitartez Irunek zahartze aktiboa eta osasungarria sustatuko du

Gaur goizean, Irungo Udaleko Areto Nagusian, José Antonio Santano alkateak, Pablo Santano Martínez-Lage CITA-Alzheimer Fundazioko zuzendari zientifikoarekin eta David Nuño Irungo Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkariarekin batera, hiriko 60 eta 85 urte bitarteko biztanleei zuzendutako ekimen bat aurkeztu du, narriadura kognitiboaren prebentzioaren inguruan.

Alkateak azaldu duenez, “CITA-Alzhéimer Fundazioarekin batera abian jarri dugun proiektu hau benetan interesgarria izango da gaixotasun hori aztertzeko eta prebenitzeko neurri gisa; izan ere, beste dementzia-mota batzuekin batera, aldaketa demografikoak eta biztanleriaren zahartzeak dakartzan erronka nagusietako bat da.”

CITA-Alzhéimer Donostiako fundazio bat da, Alzheimer gaitza ikertzen eta prebenitzen lan egiten duena. Hamar urte baino gehiago darama ekimen, proiektu eta ikerketa-azterlan ugari egiten, gaixotasunaren ikerketan aurrera egiteko. Azken urteotan egin den ikerketa-lanaren bidez, CITA-Alzhéimer Fundazioak ezagutza ekarri du biztanleriaren arrisku-profilei buruz eta pertsona batek dementzia izateko duen probabilitatea handitzen edo murrizten duten faktoreei buruz. Faktore horietako asko osasun kardiobaskularrarekin eta bizimodu-ohiturekin lotuta daude, eta horiek alda daitezke. Hain zuzen ere, gaur egun dugun ezagutzari esker, esan dezakegu hiru dementzia-kasutatik bat saihestu daitekeela bizimodua zainduz gero.

Hori frogatzeko, fundazioak CITA Go-On proiektua jarri du abian. Azterlan bat da, xede duena agerian uztea bizimodu aktibo eta osasungarria izanez gero arrisku-faktoreak gutxitu egiten direla eta narriadura kognitiboa eta dementzia atzeratu daitezkeela.

CITA-Alzhéimer arlo bakoitzeko adituekin elkartu da, eta honako hauek dira CITA Go-On proiektuko azterlan-taldea osatzen dutenak: CITA-Alzhéimer, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPH/EHU), Basque Culinary Center, Biodonostia, Achucarro Basque Center for Neuroscience, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Camp Tecnológico.

Proiektua Gipuzkoako zenbait udalerritan hasi da hedatzen, hala nola Deban eta Beasainen, eta orain udalerri handiago batean gauzatu nahi dute proiektua; hain zuzen, Irunen.

Irungo proiektua
Proiektua 60 eta 85 urte bitarteko pertsonentzako da, eta 2 urte irauten ditu. Denbora horretan, parte-hartzaileek proba medikoak egin beharko dituzte, eta ariketak egin, gorputzez, buruz eta gizartean aktibo egoteko. Dieta ere zainduko dute, eta arrisku kardiobaskularreko faktoreak saihestuko dituzte.

Parte-hartzaile guztiek Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako osasun-gomendioak jasoko dituzte. Ausaz, parte-hartzaileen erdiek beren kabuz jarraituko dituzte jarraibide horiek. Parte-hartzaileen beste erdiak, berriz, programa batean sartuko dira, eta bertan taldekako tailer presentzialetara joango dira Donostiara, eta bisita medikoak ere egingo dituzte bakarka.

Bisita eta tailer horietan, estimulazio kognitiboa sustatzeaz gainera, arrisku kardiobaskularreko faktoreak kontrolatuko dira, nutrizio-ohiturak hobetu, jarduera fisikoa sustatu eta adimen emozionala eta osasun psikosoziala hobetu.

Kide guztiei, esku hartu aurretik eta ondoren, ebaluazio mediko osoa egingo zaie, osasuna eta egoera fisiko eta kognitiboa nola dauzkaten jakiteko.

Datozen egunetan, 60 eta 85 urte bitarteko Irungo herritarrek gutun bat jasoko dute, proiektua laburki azaldu eta bertan parte hartzera animatzeko.

David Nuño Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak proiektu horretan parte hartzera animatu du, adin tarte horretan Irungo biztanleak nola dauden diagnostikatzeko eta laguntza emateko.

Gainera, urrian eta azaroan, informazio-hitzaldiak emango dira Irunen, proiektua xehetasunez azaltzeko. Honako egun hauek aurreikusi dira:

Urriaren 11n, Amaia Kultur Zentroan

Urriaren 13an, Palmera Montero Gunean

Urriaren 24an, Artiako auzo-elkartean.

Azaroaren 9an, Meakako auzo-elkartean

Urriaren 26an, Elitxu-Lapitze auzo-elkartean

Azaroaren 2an, Landetxako auzo-elkartean

Azaroaren 7an, Anzarango auzo-elkartean

Azaroaren 23an, Anaka-Puianako auzo-elkartean

 

Bertaratzea ez dago baieztatu beharrik, baina, hobeto antolatzeko, eskertuko litzateke posta elektronikoz baieztatzea, izen-abizenak eta zein saiotara joan nahi den adieraziz, helbide honetan: mailto:go.on@cita-alzheimer.org edo 943 021 792 / 688 75 52 98 telefono-zenbakietara deituta.

Proiektuan parte hartzeko, formulario labur bat bete behar da www.hitzord-alzheimer.org/es/hitz-go-on azterlanaren webgunean, hautagaiak parte hartzeko irizpideak betetzen dituen jakiteko. Gainera, parte hartu nahi duenak izena eman ahal izango du informazio-hitzaldi bakoitza amaitzean. Info gehio, hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude