Irailak 21: Alzheimerraren nazioarteko eguna

Irailaren 21ean ospatu zen Alzheimer gaixotasunaren nazioarteko eguna. Adineko pertsonengan ematen den dementzia mota arruntena da alzheimerra. Hain zuzen ere, Caser Residencialek Irun eta Hondarribian dauzkan zentroetan egoiliarren %75ak inguru sufritzen duen gaixotasuna da. Anaka eta Betharrameko egoitzetako profesionalek gogor lan egiten dute egoiliarrengan gaixotasunaren efektuak gutxitzen saiatzeko.

Elaia Rodrigo, Caser Residencial Betharrameko animatzaileak, aktibitate ezberdinak antolatzen ditu gaixotasuna pairatzen duten egoiliarrei haien egunerokotasunean laguntzeko asmoz. Estimulazio kognitiboa bultzatzea da ariketa horien helburua. Animatzaileak, musika, literatura edo gastronomia bezalako gaiak ardatz bezala erabiltzen ditu, egoiliarrei galderak eginez, haien oroimenean galdurik dauden datuak eta oroitzapenak berreskuratzen saiatzeko. Orokorrean, errutina mantentzen laguntzen dieten ekintzak guztiak dira onuragarriak.

Egoiliarrak erosoago sentitu daitezen, gazteagoak ziren garaiko gaiak landu ohi dituzte, informazioa gogoratzea errazagoa izan dadin eta gaiaren inguruan hitz egiten ahalik eta erosoen sentitu daitezen. Alzheimerra sufritzen duten pertsonen kasuan, profesionalak gaixoen aktibitate psikikoaren lanketan zentratzen badira ere, eskulanen bitartez sentsibilitatea lantzea garrantzitsua da ere.
Alvaro Berroa Hondarribiko egoitzako psikologoak azaldu du alzheimerra konponezina eta garapen progresiboa duen gaixotasuna dela. Ondorioz, adineko pertsonen artean era desberdinetako dementziaren bat pairatzea ohikoa denez, alzheimerra ezaugarri antzekoak dituzten gaixotasunekin landu ohi dela azaldu du zentroko psikologoak.

Egoiliarrek dinamizatzailearekin egiten dituzten aktibitateez gain, psikologoarekin gaixotasunaren garapena oztopatzeko bestelako ariketak ere egiten dituzte. Funtzio kognitiboak lantzeko memoria, lengoaia, kalkulua, arreta edo kontzentrazioarekin loturiko saio espezifikoak prestatzen ditu. Beti ere, zentroko psikologoak adierazi duenez, ariketen ostean erlaxazioa oso garrantzitsua da, egoiliarrak denbora eta espazioan orientaturik mantentzen saiatzeko.

Hortaz gain, Caser Residencial AFAGI elkartearekin elkarlanean lan egiten du, hitzaldiak eta alzheimerra duten egoiliarrentzat onuragarriak izan daitezkeen ekintzak koordinatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude