Irailaren 20ean ireki zen Euskaraldian parte-hartzeko izen-emate epea
Hamaika egunetan zehar Irundarren hizkuntza ohiturak astinduko ditu Euskaraldiak. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra parte hartuko du Irungo hiriak Euskaraldia izeneko egitasmoan. Ariketa sozial horren helburua hiritarren artean euskararen erabilera hobetzea izango da.
Euskaraldia ekimenean Euskal Herri osoko 350 hiri eta herrik parte hartuko dute. Irunen kasuan, Udalaz gain, hiriko gizarte eragile ezberdinetako ordezkariak lanean ari dira hamaika egunetako iraupena izango duen ekimena antolatzeko. Nestor Leunda, Aitzondo Euskara Taldeko kideak azaldu du, “Irungo Euskaraldia kalitatezkoa izatea gustatuko litzaiguke”.
“Pertsona bakoitzak, bere ahalmenen arabera lan egin beharko du,
guztiok batera euskararen erabilpena bultzatzeko”
Mónica Martínez, Irungo Euskara Ordezkaria
Mónica Martínez Euskara Ordezkariak ekimenarekiko babesa azaldu du, “pertsona bakoitzak, bere ahalmenen arabera lan egin beharko du, guztiok batera euskararen erabilpena bultzatzeko”. Ildo beretik, Euskara Ordezkariak gaineratu du, proiektua bere fruituak eman ditzan esfortzua egunez egun egin behar dela, ez soilik ariketa sozialak iraungo duen 11 egunetan zehar.
“Irungo Euskaraldia kalitatezko izatea gustatuko litzaiguke”
Nestor Leunda, Aitzondo Euskara Taldeko kidea
Izen-emate epea irailaren 20ean hasi zen eta aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa izango da Euskaraldian parte hartu ahal izateko. Bi eratara egin daiteke izen-ematea. Internet bidez, www.euskaraldia.eus webgunearen bitartez. Bestetik, izen ematea paperean egin nahi bada, hiriko hiru puntutan banatuko diren izen-emate orria bete eta HAZ bulegoan kokatuko den kutxan entregatu beharko da.
Proiektu bat, bi jarrera
Proiektu honen bitartez hizkuntza inertziak astindu eta hirian uste baino gehiagotan euskaraz komunikatzea posible dela erakutsi nahi da. Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan zehar, 16 urtetik gorako irundarrek proiektu honen aurrean hartuko duten rola aukeratu beharko dute. Bi rol izango dira aukeran: ahobizi eta belarriprest.
Ahobizi rola aukeratzen dutenek, euskara ulertzen duen edonori euskaraz hitz egiten saiatuko dira, nahiz eta erantzuna gazteleraz jaso. Era berean, pertsona ezezagunekin elkarrizketa bat hasi behar dutenean, lehen hitzak euskaraz egingo ditu ere. Bestetik, belarriprest rola onartzen dutenek, euskaraz hitz egin diezaieten adierazi nahiko dute jarrera horren bitartez, nahiz eta pertsonak euskaraz zein gazteleraz erantzuteko aukera izango duen.
Ahobizi zein belarriprest rola hautatuko duten parte-hartzaileek txapa bat eramango dute soinean, haien rola identifikatzea erraza izan dadin. Ariketa ohiko harreman sarearen barnean errepikatu beharko dute parte-hartzaileek ekimenak iraungo duen 11 egunetan zehar.