BERTSO BERRIAK 2018-2019 IKASTURTE BERRIARI JARRIAK

Egilea: Aitor Errazkin Vicente
Doinua: Hemen zizurkildar bat

1) Bi mila hemezortzi
eta hemeretzi
ailegatuko zela
bihar edo etzi
jakin bagenekien;
beraz, gogor eutsi!
Ikasturte berri bat,
erronkak ez gutxi.
Heldu eta alferrik
joaten ez utzi.

2) Irunen elkarte eta
talde asko gara
elkarlan, dinamika,
ilusio bailara.
Denei desio diet,
(tamalez hartara
hiri honetan nahiko
ohituak baikara)
trabarik ez bidean,
besterik ez bada.

3) Soldatapeko ofizio
denek, jai eta aste,
egunerokoari
loturik gaituzte;
dirusari truk egin
nahi gaituzte “aske”.
Aldiz, afizioek
sarritan, nik uste,
herritarrak bizirik
mantentzen dituzte.

4) Hargatik, kultur, kirol
zein gizarte talde,
herriarentzat ari
bagara, ni alde!
Berdin du nork egiten
duen gure galde;
sarritan, lan-baldintza
txiroenen jabe,
hurkoa aberasten
ohiturik baikaude.

5) Herritik piztu behar
denean herria
lanean jarraitzea
da kurtso berria.
Eginbeharrei hartzen
bazaie neurria
eta iraila gertatzen
ez bada urria
udazkenez loratzen
da udaberria.

6) Dagoeneko martxan
ere Irunabar,
egitasmo berri zein
egitasmo zahar:
bertso-eskolak, hainbat
saio eta abar…
Gurera hurbildu nahi
baduzu, bi ohar:
ez biharko utzi eta
etor zaitez azkar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude