Aisialdiko begiraleentzako titulua eskuratzeko doako ikastaroa antolatu du Udaleko Gazteria arloak

Irungo Udaleko Gazteria Arloak iragarri duenez, datorren irailean, haur eta nerabeen aisialdiko begirale izateko doako ikastaro bat eskainiko da. Egitasmoa azken aurrekontu parte hartzaileen barnean boto gehien jaso zituen proposamenetako bat izan zen.

Hezkide Eskolak emango du ikastaroa, eta, bukatzen denean, ikasleek haur eta nerabeen aisialdiko begirale izateko titulua eskuratuko dute, Eusko Jaurlaritzak homologatutakoa. Ikastaroan izena emateko, interesdunek 2022ko maiatzaren 22a baino lehen 18 urte betetakoak eta 31 urte bete gabekoak izan beharko dute, eta 2021eko irailaren 1erako Irunen erroldatuta egon beharko dute.

Haur eta nerabeen begirale ikastaroak 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktikoko iraupena izango du. Atal teorikoa 2021eko urriaren 16an hasiko da eta 2022ko maiatzaren 22an bukatuko da. Ikastaroa egin ahal izateko, gutxienez 10 pertsonak eman beharko dute izena, eta 24 plaza egongo dira gehienez. Ikastaroa Martindozenea gaztelekuan emango da larunbatetan eta guztiz doakoa izango da.

Santi Jiménez Gazteriako ordezkariak nabarmendu nahi izan du horrelako ekimenak garrantzitsuak direla “Irungo gazteak lanean has daitezen”. Gazteriako ordezkariaren hitzetan, “talde horiek asoziatiboak eta hezigarriak dira, gure gazteen artean komunikazioa, lankidetza eta balio-transmisioa sustatzen baitituzte”.

Ikastaroaren helburuak
Ikastaroak hainbat helburu ditu. Batetik, Irungo gazteei aisialdiaren esparruan lan egiteko gaikuntza ematea eta oso lan merkatu espezifiko batean sartzeko aukera eskaintzea. Izan ere, askotan udalekuetan, kanpamentuetan, aterpeetan… hasten da lan merkatuarekiko harremana. Bestetik, hiriko gazte elkarteen sarea sendotzeko prestakuntza estrategiak jartzea martxan, gazte elkarteek hiriko haur eta gazteei balio sozialak transmititzen dizkieten aldetik.

Era berean, aisialdiaren, hezkuntza ez-formalaren eta hezkuntza informalaren esparruan gazteen arteko esperientzia trukea sustatu nahi da. Gainera, Irungo gazteek elkarteetako boluntario lanean, gazte ekimenetan eta berentzako interes estrategikoa duten beste programa batzuetan parte har dezaten bultzatzen da.

Izen-ematea
Interesdunek irailaren 10etik 16ra bitartean eman dezakete izena, bi egun horiek barne, Irungo Udalaren webgunean. Zozketan parte hartzeko onartuak direnen zerrenda Igazte bulegoan jarriko da jendaurrean, CBAn, irailaren 21ean eta 22an; era berean, 010 zenbakira deituta kontsultatu ahalko da, 08:00etatik 14:00etara bitartean. Zozketa irailaren 23an izango da, 10:00etan, jendaurrean, eta emaitzak hilaren 27an argitaratuko dira. Eskabide kopurua txikiagoa bada toki kopurua baino, ez da egingo zozketarik, eta izen ematea behin betikotzat hartuko da.

Behin zozketa eginda, mezu elektroniko bat bidaliko zaie tokia egokitu zaien onuradunei, izena emateko orria bete dezaten, eta urriaren 8rako entregatu beharko dute, Igazte bulegoan. Dena den, informazio guztia Irungo Udalaren webgunean kontsultatu ahalko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude