Asteazken honetan udaleko taldeekin eta gizarte-eragileekin egindako bilera batean, Mónica Martínez Informazioaren Gizarteko eta Herritarren Parte Hartzeko ordezkariak berretsi du Udala aurtengo aurrekontu partizipatiboen prozesua prestatzen hasia dela.
2020an bertan behera geratu ziren pandemiaren erruz, baina ekimena irailean itzuliko da, pandemiaren bilakaeraren eta ezarritako neurri eta mugen arabera egokituko den formatu batean.
Udalak herritarren parte-hartzearekin duen konpromisoaren erakusgarri da ekimen hau, eta aurtengoa zazpigarren edizioa izango da. Udalaren beste zerbitzu askotan bezala, pandemiak eragina izan zuen iazko prozesuan, baina 2021ean ekimena berreskuratu nahi dugu, herritarren iradokizunak, proposamenak eta ideiak jasotzeko, hiria hobetzeko asmoz, urtero bezala», adierazi du Mónica Martínezek.
Informazioaren Gizartearen eta Herritarren parte Hartzearen arloak hiru formatu desberdin aurreikusi ditu prozesua gauzatzeko: bitarteko telematikoen bidez bakarrik egitea, eta aurrez aurreko bilerak txertatzen dituzten bi agertoki, segurtasun- eta higiene-neurriak beteta, herritarrentzako saio irekien bidez. «Pandemiaren bilakaeraren araberakoa izango da, baina dena prest izan nahi dugu, unea iristen denean aukera bat edo bestea aktibatzeko» esan du Mónica Martínezek.
Zazpigarren edizio honetan, edozein kasutan ere, aurreko edizioetako eskema beraren arabera gauzatuko da prozesua. Herritarrek erabakiko dute zertan erabili 1,5 milioi euro. Horretarako, aurrena proposamenak jasoko dira online (eta, kasuan arabera, baita aurrez aurre ere), eta ondoren herritarrek bozkatzeko aukera izango dute, Udalaren webgunean, Irun txartela erabilita, behin betiko proposamenak aukeratzeko. Aurten gazteei zuzendutako aurrekontu parte-hartzaile bat martxan jarriko da ere bai. Horregatik gaurko bileran Gazteria arloko ordezkariak egon dira.
Gaur proposamen bat aurkeztu zaie Udal talde guztiei, Hiritar Foruari eta Oiasso Elkarteari. Orain, proposamen hori oinarri bezala hartuta, proposamenak egin ditzakete.