2019ko aurrekontu parte-hartzaileen emaitzak ezagutzera eman ditu Irungo Udalak. Herritarren parte-hartzea bultzatzeko helburua duten aurrekontuen aurtengo edizioan parte-hartzea %64 handitu da. Finalera iritsitako 20 proposamenen artean, 15 izan dira hiritarren botoen bitartez hautatutako proposamenak.
Guztira 1.419 izan dira 2019ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan parte hartu duten irundarrak. Joan den urteko datuekin alderatuta, parte-hartzea era nabarmenean hazi da, izan ere, joan den urtean 864 pertsonek bozkatu zituzten soilik proposamenak. Pedro Alegre Herritarren Partaidetzako ordezkariak azaldu du, “aurrez aurreko saioek eta aurre-bozketak dagoeneko sentsazio onak utziak zituzten, eta interesa eta parte hartzeko gogoa baieztatu egin dira, behin betiko fasean bozka kopuru handia izan baita”.
“Parte-hartze handiagoa izateak adierazten du are gehiago sendotu dela Irun Txartela”
Pedro Alegre, Herritarren Partaidetzako ordezkaria
Bozkatzeko unean NANaren ordez Irun Txartela beharrezkoa izan den bigarren urtea izan da honakoa. “Parte-hartze handiagoa izateak adierazten du are gehiago sendotu dela Irun Txartela”, azaldu du Pedro Alegrek. Parte-hartzaileen kopurua handitzeaz gain, boto kopuruak ere gora egin du. Aurtengo edizioan 5.422 boto jaso dira eta joan den urtean 1.103 izan ziren. Bozka/ratioa 3,82koa izan da aurten eta bozkatzaileen bataz besteko adina 44,4 urteetako izan da, joan den urteko bataz besteko adina 3 zifretan murriztuz.
1.300.000 euroko aurrekontua bideratu du udalak 2019 urteko prozesu parte-hartzailean aurkeztutako proposamen garaileak aurrera eramateko. Hautatutako ekimenenak aurrera eramateko 1.240.899 euro beharko dira eta 59.101 euroko soberakina gazteen prozesu parte-hartzaileko proiektuetan aprobetxatuko dira.
Gazteen proposamenentzako tartea
Gazteen aurrekontu-prozesuan 16-30 urte bitarteko 53 pertsonek parte hartu dute. Aurkeztutako proposamenek, berriz, 193 boto jaso dituzte. Gazte-aurrekontuen prozesuan, ordea, aurtengo datuak joan den urtekoekin alderatuta gazte irundarren parte-hartzea era nabarmenean murriztu da, izan ere, 2018 urteko prozesuan 96 gazteek eman zuten haien iritzia. Pedro Alegre, Herritarren Partaidetzako ordezkariak aipatu duenez, datorren urteari begira, gazteen parte hartzea handitzeko lan egitea beharrezkoa izango da, aurtengo prozesuan lortutako datuak hobetu nahi badira.
Hiritarren iritzia aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren inguruan
Veronica Martin:
Urtero parte hartzen dut aurrekontuen bozketan, nahiz eta gaiak proposatzeko antolatzen diren bileretara joatea ezinezkoa zaidan. Ziur nago Irunen hobetu daitezkeen gauza asko daudela, baina, nire inguruan begiratuz gero, Toki Alaiko autobus geltokia hobetzea beharrezkoa ikusten dut, oraingoa haurrentzat arriskutsua izan daitekeelako.
Jorge Gonzalez:
Prozesu honen inguruko zerbait entzun dut eta bertan parte hartu duen jendea ezagutzen dudan arren, nik ez dut inoiz proposamenik bozkatu. Irun hobetzeko gauza asko behar direla uste dut. Aparkaleku kopurua handitzea beharrezkoa ikusten dut, txakurrentzako ongi egokitutako parke berriak eraiki eta egun dauzkagunak egokitzeaz gain.
Julian Sanchez:
Aurrekontu parte-hartzaileen inguruko informazio gutxi dudan arren, San Juan plaza birmoldaketarako aurkeztutako proiektuen bozketan parte hartu nuen. Irunen daukagun bidegorri sarea hobetzea ezinbestekoa iruditzen zait, hiri osoa zeharkatuko luketen bizikletentzako bideak eraikiz. Egun dauzkagun bidegorrien arteko loturak egitea falta da eta hori ez da lurrean marrak margotzearekin konpontzen.
Txema Martinez:
Aurrekontu parte-hartzailetan bozketetan parte hartu izan dut noizbait. Irungo errepideak eta azpiegiturak asko hobetu behar direla iruditzen zait, hiriaren barneko funtzionamendua egokia izan dadin. N-1 errepidea banaketa beharrezkoa ikusten dut Behobian sortzen diren auto-pilaketak saihesteko.
Arantza Alsua:
Joan den urtean aurrekontu parte-hartzaileen bozketan parte hartu nuen arren, aurtengo bozketan ez dut parte hartu. Hala ere, hiritarren partaidetza sustatzeko oso ideia aproposa iruditzen zait udalak urtero martxan jartzen duen prozesu hau eta, proposamen bat egin beharko banu, Irunen sarreran kokaturik dauden baratzetako etxolen itxura txukuntzea eta eghiago zaintzea gustatuko litzaidake.
Madalena Merino:
Ez dut inoiz honelako bozketaren batean parte hartu, bozketa prozesuaren inguruko ezagutza gutxi dauzkat eta. Irun ondo dagoela uste dut, nahiz eta egia den hobetu daitezkeen gauza txikiak daudela beti. Asko gustatzen zait gauzak apurtzen direnean, udal zerbitzuak abisatu eta berehala etortzen direla. Hori horrela izaten jarraitzea nahiko nuke.