Lapurriturriko denboraldi hasierako irteerak Erlaitz eta Pagogainako gotorlekuak bisitatuko ditu

Lapurriturriko informazio guneak, zeina Aiako Harria parke naturalean dagoen, joan den larunbatean eman zion hasiera denboraldiari, baina joan den astebururako programatutako pintura eskola bertan behera geratu zen, eguraldi txarra iragarri zelako. Beraz, lehenengo jarduera prestatzen ari da informazio gunea: Erlaitz eta Pagogaina mendietako gotorlekuen hondarrak ezagutzeko irteera bat, ekainaren 19an, 10:00etatik aurrera, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo aditu baten eskutik.

Toki gutxi geratzen dira, baina parte hartzeko interesa dutenek izena eman dezakete oraindik, 010 telefonora deituz edo www.irun.org web orriaren bidez, hilaren 17ra bitartean, tokirik geratzen bada betiere –edukiera hamar lagunekoa da, COVID-19aren ondorioz ezarritako neurriak direla eta–, doan. Prebentzio neurri bereziak hartuko dira, COVID-19aren kontrako protokoloari jarraituz: segurtasun distantziak utziko dira familia unitateen artean, gel hidroalkoholikoa banatuko da informazio gunean, eta maskara erabili beharko da nahitaez.

Historia Aiako Harrian

Lapurriturri mugaldean dagoenez, hainbat gerraren eta gertaera historikoren lekuko izan da, eta gertaera horiek gure inguruan utzi zituzten aztarnak ikusi ahalko dituzte parte hartzaileek: Lapurriturriko informazio gunetik atera, eta inguruko toki estrategiko batzuk bisitatuko dituzte, baita Comète Sareko kideek erabilitako pasabideak ere. Eguraldiaren mendean egongo da jarduera, eta komeni da parte hartzaileek mendiko arropa eta oinetakoak eramatea.

“Urtez urte huts egiten ez duen irteeretako bat da hau. Natura bete-betean egiten den ibilaldi batez gozatzeaz gain, izena ematen dutenek tokiko historiari buruzko aire zabaleko eskola batean parte hartzen dute, gertaeren tokian bertan. Eguraldi ona besterik ez dugu behar plana bikaina izan dadin”, nabarmendu du Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek.  

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude