Virginia Gasull, idazlea: “Jendea liburuen babesaren bila dabilela uste dut, bizi dugun egoera latzetik ihes egiteko”

Virginia Gasull idazlea Nicole izeneko bere azken eleberriaren aurkezpen lanetan murgildurik dabil. Idazlea “In vino veritas” lanarekin estreinatu zen 2015. urtean eta bere azken lanean Lehen Mundu Gerrako frontean lan egin zuen emakume mediku baten istorioa kontatu du. Idazle irundarrak bere azken liburua idazteko prozesua nolakoa izan den azaldu du.

Zergatik erabaki zenuen Nicole Manginen istorioa kontatzea?
Nicolen istorioa nire bizitzara kasualitatez iritsi zen. 2016ko azaroan Frantziako telebista-kanal bat ikusten ari nintzen, gure hiria mugatik hain gertu egonda telebistan sintonizatu dezakegun kanal frantses horietako bat. Kate horietan azaroan Lehen Mundu Gerrari buruzko dokumentalak eman ohi dituzte armistizioa dela eta. Verdungo guduari buruzko dokumentala ikusten ari nintzen, uniformez jantzitako emakume bat telebistan agertu zenean, artzain-txakur aleman bat alboan zuelarik. Dokumentaleko off ahotsak azaldu zuenez, irudian agertzen zena Lehen Mundu Gerrako lubakietan egon zen emakume bakarra zen eta beti Dun bere txakurra alboan zuen gizonengandik babesteko. Txakurrak Dun izena zuen Verdunen omenez. Istorio hori lehen aldiz entzun nuenean nire atentzioa deitu zuen eta hari horretatik tiratzen hastea erabaki nuen emakume hori benetan nor izan zen eta gerran zehar zer gertatu zitzaion jakiteko.

Beraz, zure azken liburuan kontatutako istorioa erreala da, benetako pertsonaia baten bizipenetan oinarrituta dagoena, ezta?
Bai, bai. Nicolek gerran zehar egindako guztia aztertu dut. Horrela, Verdungo guduan ez ezik, Sommeko guduan eta beste gudu batzuetan parte hartu zuela jakin nuen. Hain zuzen ere, ospitale batera iristen zen bakoitzean entzun zuen lehen esaldia honako hau zen: “Ezinezkoa da, gizon mediku ofizial bat eskatu dut eta emakume bat bidali didate”. Izan ere, oso modu bitxian iritsi zen emakume hau gerrara. Akats baten ondorioz mobilizazio agindu bat jaso zuen. Gainera, dibortziatu zen lehen emakumeetako bat izan zen bere senarrak engainatzen zuela jakin ostean, garai hartan gizartean dibortzioa gaizki ikusita zegoen arren. Abuztuan etxe frantsesetara mobilizazio aginduak bidaltzen hasi zirenean, aginduak betetzen zituen funtzionarioak Girard bere ezkon abizena Gerard izenarekin nahastu zuen eta gutuna bidali zioten, gizon bat zela pentsatuta. Gutuna jaso zuenean zalantzak izan zituen, baina bere bi anaiak lerroetara deituak izan zirela gogoratzen duenean, bere anaiak bezalako gizonak lagundu nahi zituela argi izan zuen. Erabakia hartu eta frontean aurkeztu zenean ondoren askotan entzungo zuen lehen esaldi hori lehen aldiz entzun zuen, baina agindua igorria izan zenez, ofizialek frontean onartu behar izan zuten. Horrela hasi zen Nicolen istorioa gerra ospitale eta lubakietan.

Eleberria idazteko dokumentazio lan handia egin duzu?
Prozesu luzea izan da. Bi urte eta erdi behar izan ditut artxibategietan arakatu eta Nicolek gerran zehar egindakoa deskubritzeko. Hortaz gain, ikerketa lana beharrezkoa izan da XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasieran osasunaren eremuan lan egiten duen emakume baten azalean sartu ahal izateko. Horretarako, hemeroteka eta artxiboak arakatzeaz gain, gatazkan parte hartu zuten beste mediku eta erizainen egunerokoak irakurri ditut. Egunerokoak Frantziako Liburutegi Nazionalean eta Londreseko Gerra Museo Inperialean eskuratu nituen. Ikerketa lanean murgildurik nengoenean, bizirik dagoen Nicolen senide bakarrarekin harremanetan jartzea lortu nuen, hau da, bere iloba-bilobarekin. Senideak familiako argazkiak eta Nicolen anaiak, Morisek, idatzitako dokumentu bat utzi zizkidan, gerrako memorien antzeko zerbait.

Dokumentazio lana are konplikatuagoa izango da, historia gizonek eta gizonengan zentraturik idatzita izan dela kontutan hartuta?
Bai, noski. Bitxia da historiak pertsonaia femeninoak nola ahazten dituen ikustea. Historia gizonengatik idatzia izan denez, emakumeen papera askotan ahaztuta izan da. Horren erakuslea da gerra amaitu zenean Nicolek ez zuela inolako kondekorazio edo aipamen berezirik jaso, bere ekarpen eta parte-hartzea ia ahaztuz. Hori dela eta, Nicolen istorioa berreskuratzea erabaki nuen bera eta gerran parte hartu zuten beste emakumeak gogora ekartzeko. Hain zuzen ere, Nicolen istorioa aztertzen nuen bitartean, bidean gerran parte hartu zuten beste emakume erizain edo osasun arloko langileen istorioak aurkitu nituen. Egia esan, emakume horietako askok Nicolekin kointziditu ez arren, haien istorioak eleberrian txertatzea erabaki nuen testuinguru berean mugitu zirela kontutan hartuta. Emakume horietako bat Marie Curie da eta bere istorioa kontatu dut, erradiografiak gerran lagungarriak izan zitezkeela uste zuenez, gatazkan parte hartzea erabaki zuela azaltzeko. Curiek garaiko familia aristokratikoen ibilgailuak maileguan hartu zituen, ekipamendu erradiologikoa duten autoetan bihurtzeko. Horretaz gain, fronteko hainbat ospitaleetatik igaro zen, erradiografiekin laguntzeko. Hala ere, gerraren aurretik Nicole eta Marie lagunak izan zirela deskubritu nuen, elkarrekin irakasle lanetan ibili baitziren.

“Bitxia da historiak pertsonaia femeninoak nola ahazten dituen ikustea”

Zure eleberriak Lehen eta Bigarren Mundu Gerrako testuinguruetan sortu dituzu. Erraza da oinarri historikoa duten istorioak idaztea?
Egia da, konplikatuagoa da testuinguru historikoa duten eleberriak idaztea. Nire lehen nobelan Bigarren Mundu Gerran zentratu nintzen, okupazioan zehar Bordeleko ardogileek bizitakoa kontatzeko. Orain arte Bigarren Mundu Gerra gehiago interesatu izan zait, baina Lehen Mundu Gerra ikertzen hasi nintzenean gatazka guztiaren hasiera bertan dagoela konturatu naiz, bigarrena lehenengoaren ondorioa baita. Orokorrean, Lehen Mundu Gerrak, bigarrenarekin alderatuta, arreta mediatiko gutxiago jaso duela uste dut.

Egun pandemiaren ondorioz, osasungintzaren arloa gaurkotasun handiko gaia da. Eleberria idatzi zenuenean ez zenuen imajinatzen nobela argitaratzeko unean hainbesteko garrantzia izango zuenik, ezta?
Bai, kasualitatez horrela gertatu da. Liburua 2019ko apirilean bukatu nuen. Nobelan Espainiako Gripeaz hitz egiten dut, Nicolek Pariseko ospitalean gaixotasunaren aurka nola borrokatu zuen kontatzeko. Zeinek esango ote zidan liburua amaitu eta hilabete gutxira, mundu mailan egoera oso antzekoa biziko genuela. Osasun arloko profesionalen lana beti goraipatzekoa dela uste dut, egoera konplexuetan haiek baitira gainontzeko biztanleak zaintzeaz arduratzen direnak.

“Zeinek esango ote zidan liburua amaitu eta hilabete gutxira,

mundu mailan egoera oso antzekoa biziko genuela”

Antzekotasunak ikusten dituzu Nicolek bizitako eta egun pairatzen ari dugun egoeraren artean?
Bai, antzekotasun asko daudela uste dut. Espainiako Gripeak udaberrian lehen olatu bat izan zuen. Udaran egoera lasai zela zirudienez jendea berriro normaltasunez bizitzen hasi zen, baina epidemiaren bigarren zatia iritsi zen eta lehen olatua baino latzagoa izan zen. Hortaz, orain arte Covid-19aren pandemiarekin bizi izan dugunarekin antzekotasun asko ikusten ditut. Bestetik, aipagarria iruditzen zain Espainiako Gripearekin Nicolek maskaren erabilera zabaldu zuela edo eskuen higieneari garrantzi handia eman ziela. Gainera, gripeaz jotako gaixoak bakartu eta espazioak aireztatzeko beharra ikusi zuen. Neurri berezi horiek guztiak eleberrian azaltzen ditut eta nobela gaur egun irakurriz gero, nahita egindako zerbait dela dirudi.

Hilabete batzuk igaro dira Nicole eleberria argitaratu zenuenetik. Nolako harrera izan du irakurleen partetik?
Oso pozik nago orain arte liburuak izan duen harrerarekin. Izan ere, hasieran zalantzak izan nituen, adibidez, ez baita soilik nobela historiko bat. Horregatik, istorioa lehen pertsona eta orainaldian idaztea erabaki nuen, nahiz eta horrelako liburuetan normalean hirugarren pertsona eta lehenaldia erabiltzea ohikoagoa den arren. Kontu handiz hartutako erabaki da, horrela, irakurleak Nicole eta bere bizipenak hobeto ezagutzea eta sentitzea errazagoa izan zitekeela iruditu zitzaidalako. Beraz, oso pozik nago irakurleek nire azken lanari egindako arretarekin.

Pandemiak bizimodua aldatu digun heinean, irakurleen irakurketa ohiturak aldatu direla uste duzu?
Hasiera batean bizi dugun egoerak irakurleen artean ondorio negatiboak izango zituela pentsatu genuen. Izan ere, pandemiaren ondorioz liburutegiak itxi edo liburuen banaketa-prozesuak guztiz eten zirelako. Gerora, ordea, konfinamenduarekin jende askok irakurtzeko ohitura berreskuratu duela ikusi dugu, une oro pelikula edo telesailak kontsumitu ordez. Dena den, katalogo eta argitalpen datetan atzerapenak egon dira, Nicole joan den urtean publikatzea aurreikusita baitzegoen eta pandemiaren ondorioz argitalpena hilabete bat atzeratu da. Jendea liburuen babesaren bila dabilela uste dut, bizi dugun egoera latzetik ihes egiteko.

Idazle irundarra izanik, berezia izan da Irungo Liburu Azokan zure liburua aurkezteko aukera izatea?
Bai, gainera, liburu azokan nire lagun idazleekin elkartzeko aukera izan dut, beraz, oso pozgarria izan da Bakarne Atxukarro bezalako lagunekin batera liburuak sinatzea. Horretaz gain, Oskarbi elkarteko beste idazleekin elkartzeko aukera izan dut. Beraz, aurtengo liburu azoka jai bat izan dela esan dezaket, liburuak sinatu, irakurleekin egon eta liburuak aurkezteko aukera eman baitigu.

Horretaz gain, zure lehen eleberria pantaila handira eramateko aukera izango duzu?
Gidoia guztiz bukatuta dago eta Orreaga film ekoizleak gidoilariarekin ukondoz ukondo lan egiteko aukera eskaini dit. Hasieran protagonistek ezaugarri desberdinak izatea kezkak sortzen zizkidan, liburu bat zinerako egokitzeak aldaketa ugari ekarri ohi dituela dakidalako. Hala ere, lanak oso emaitza onak izan dituela uste dut eta gidoigintzaz asko ikasteko aukera izan dut. Orain hainbat plataformarekin negoziazioetan ari dira ekoizleak, beraz, hurrengo pausua eman aurretik apur bat itxaron beharko dugu.

Liburu berri bat idazteak lan handia eskatzen duen arren, jada zure hurrengo liburuan pentsatzen hasi zara?
Bai, nire hurrengo liburua prestatzen hasi banaiz ere, orain etenaldi bat egin behar izan dut Nicolen aurkezpen lanetan zentratzeko. Hurrengo liburuan Bigarren Mundu Gerraren gaia berreskuratuko dut, kasu honetan, ikuspuntu hurbilago batetik lantzeko. Izan ere, Bidasoan Comète sareak izandako presentzia jorratuko dut, emakumeek osatutako sare horrek eraitsitako hegazkinlari aliatuak ebakuatzen nola lagundu zuen bildu eta mugalariek egindako lana kontatzeko. Orain arte oihartzun gutxi izan duen gaia izan da eta emakume haiek egindako lana nabarmentzen saiatuko naiz.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude