Zabaltza plazan kokatutako liburu azoka irakurle eta idazleen topagune izango da datozen hiru egunetan

Ostiral honetan, Irungo alkate José Antonio Santano  Liburu Azokan izan da, Zabaltza plazan, Kultura Arloak Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko prestatu duen egitarauaren erdigunean.  10:00etan zabaldu da Azoka, eta, aurretik, ohikoa denez, alkateak El Quijote-ren irakurraldia hasi du, CBAn. Aurten, Aitaren etxea ere irakurri da, Karmele Jaiorena, euskaraz.

Santanok nabarmendu duenez, “segurtasun neurriak eta dagozkion neurri higieniko guztiak hartu, eta kultura eskaini behar diogu hiriari. Azoka honi esker, jendeak libururen bat eros dezake, edo, gutxienez, nobedadeen eta Azokako eskaintzaren berri izan; tartean, hirian ditugun idazle handien berri“.

Liburu Azoka apirilaren 23an, 24a eta 25ean izango da, Zabaltza plazan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eta, igandean, 10:00etatik 15:00etara. Iazko edizioan bezalaxe, karpa bat instalatu da Tinta Cómics eta Elkar liburu-dendek beren produktuak sal ditzaten. Puntu horren inguruan, beste karpa batzuk ere jarri dira. Horietan, azokak iraungo duen hiru egunetan, askotariko ekimenak egingo dira, hala nola sinadura-ekitaldiak eta liburu-aurkezpenak, marrazketa-tailer bat eta ipuin-kontalariak.

Karpa bi erakusketa txikirekin apaindu da. Alde batetik, komiki eta marrazki batzuk egongo dira ikusgai, gure inguruan bizi diren lehen mailako marrazkilarien lanak. Bestalde, omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu berriki hil den Edward Rosseti, eta bere zenbait libururen azalak erreproduzitu dira.

Azokan eta gainerako jardueretan COVID-19aren pandemiari aurre egiteko ezarritako segurtasun-neurriak aplikatuko dira: segurtasun-distantzia, edukiera murriztua, nahitaezko maskarak, etab. Azokari dagokionez, sarrera eta irteera bereiziak izango ditu, eta ibilbideak markatuta egongo dira.

PROGRAMA

Apirilak 23

–       Liburu Azoka: 10:00etan irekiko da.

–       CBAn: 10:00etan hasita, irakurraldi publiko tradizionalak egingo dira: Miguel de Cervantesen Kixotea eta Karmele Jaioren Aitaren Etxea. Parte hartzeko, hitzordua hartu behar da aldez aurretik. Informazio gehiago CBAra deituta (943 505421).

–       Liburu Azoka: 12:30. Román Huarte liburuak sinatzen egongo da.

–       Liburu Azoka: 17:00. Andrea Escargotek 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako marrazkilaritza-tailer bat eskainiko du. Tailerrean parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik cultura@irun.org posta elektronikora idatzita edo 943505408/07 zenbakietara deituta. Tailerrean, hainbat material, forma eta tamainatako koadernotxoak sortuko dira, jolaserako objektu artistiko gisa, gorpu paregabearen teknika erabilita. Parte-hartzaile bakoitzak zenbait zatitan banatutako liburuxka bat sortuko du, non gizaki, animalia eta objektuen atalak agertuko baitira (burua, gorputza eta gorputz-adarrak). Horrela, orrialdeak pasatzean, irudiak nahasi egiten dira eta izaki fantastikoak sortzen dira.

–       Liburu Azoka: 19:00etatik aurrera, Virginia Gasull eta Bakarne Atxukarro beren liburuen aleak sinatzen egongo dira.

–       Oiasso Erromatar Museoa: 12:00etan  «Margotu historia Colorea la historia» liburua aurkeztuko da. 8 eta 12 urte arteko haurrentzako liburu bat da, eta Arkeolan fundazioak sortu du Aitziber Alonso Pikabea marrazkilariaren laguntzarekin. Liburu honek bidaia dibertigarri bat dakarkigu historiako hainbat garaitan zehar eta zenbait pertsonaiaren istorioekin. Horien bidez, haurrak ikasten joango dira nola aldatu diren ohiturak kapitulu bakoitza irakurri eta margotu ahala. 

Apirilak 24

–       Liburu Azoka: 11:00etan liburuak sinatzen egongo dira komiki-erakusketako bi parte-hartzaile: Garluk eta Álex Macho, Harriet Edicionesek argitaratutako Vergüenza y Olvido liburuaren kolorista eta marrazkilaria, hurrenez hurren.

–       Liburu Azoka: 12:30etik hasita, liburuen aurkezpena eta sinadurak Itziar Sistiaga  eta Virginia Gilen eskutik.

–       Liburu Azoka: 17:00etan euskarazko ipuin-kontalaria: Mundipurdiko ipuinak, Maite Frankoren eskutik.

–       18:00etan Lupe Lekuonaren txanda izango da, Munduko panpinak lanarekin.

–       Liburu Azoka: 19:00etatik aurrera, Ane eta Moon seriearen azken liburuaren aurkezpena eta sinadura-ekitaldia, Noelia Lorenzo Pino eta Alicia Cebriánekin.

Apirilak 25

–       Liburu Azoka: 11:00etan liburuen aurkezpena eta sinadura Mensu eta Javier Gilen eskutik.

–       Oiasso Erromatar Museoa: 12:00etan, Oiasso Museoan, Andre eta jabe ikuskizuna eskainiko dute Eider Pérezek eta Leire Etxezarretak. Saio horretan emakumezko euskal olerkarien bizitzak eta ahotsak nabarmenduko dira. Ibilbidea antzinako trobalariekin hasten da, Bizenta Mogel bisitatzen du eta arreta ematen die Emakume Abertzale Batzako emakumeei gaur egungo olerkarietara iritsi arte. Sartzeko gonbidapena beharko da edukiera bete arte. Larunbatetik eskatu ahalko dira gonbidapenak Oiasso Museoan.

–       Liburu Azoka: 13:00etan, aurkezpen eta sinadura-ekitaldi bateratua Eva Huebraren eta Rosa Rubioren eskutik.

–       Amaia KZ: 18:00etan, Román Huartek bere azken liburua aurkeztuko du: Mary Ann se aparece. Santiagoko Deabruak Kultur Elkarteak girotuko du aurkezpena, eta literatura eta terroreari buruzko mahai-inguru bat egingo da. Horretan parte hartuko dute, eleberriaren egileaz gain, Virginia Gasullek, Bakarne Atxukarrok, Itziar Sistiagak eta Laura Balaguék. Gonbidapenak hemen eskuratu daitezke: https://amaiakz.sacatuentrada.es/.

Aurtengo edizioko karteleko irudia Lorena Martínez Oronoz marrazkilari irundarrak egin du, eta orri-markaitzailerako ere erabili da.

Irudia iaz hasitako istorioaren jarraipena da: 2020ko kartelean agertzen zen liburu irekitik abiatuta, loreak eta hegoak zabal-zabal dituen hegazti bat ageri dira. Esperantza transmititu nahi da horrela, liburuei esker lortutako esperantza. Liburuak, ezagutza barneratzen, hazten eta eraldatzen laguntzen diguten tresna bezala. Baita garai erlaxatuago batzuen esperantza ere eta, beti, liburuen konpainia onean. Informazio guztia Udalaren webgunean dago: www.irun.org.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude