Gazteak On proiektuak urrats berri bat eman du elikadura-sistemaren eraldaketa hezkuntza-komunitatera hurbiltzeko bidean. Gaur, azaroak 13, Maïa Permaculture, Labore Txingudi, Hendalakoop eta Ara!Gorputz eskualdeko eragileek —Irungo Toki-Alai Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeko ikasle eta irakasleekin batera— Gazteak On: Elikadura Erronka lehiaketaren hirugarren edizioa eta egitasmoaren baitan sortutako hezkuntza-plataforma berria aurkeztu dituzte.
Aurreko bi edizioetan bildutako esperientziatik abiatuta, proiektua lehiaketa hutsetik harago zabaldu nahi izan dute sustatzaileek. Horretarako, gazteakon.eus atari digitalak elikadura jasangarria ikasgeletan lantzeko baliabide hezitzaileak —jolasak, ikasteko dinamikak eta erronka txikiak— zein ikastetxeen arteko esperientziak partekatzeko gunea eskainiko ditu, irakasleekin egindako lan-saioetan jasotako beharretara egokituta.
Lehiaketaren 3. edizioa
Plataformarekin batera, hirugarren urtez jarraian abian jarri dute gazteei zuzendutako Elikadura Erronka lehiaketa. Deialdi honen bitartez, ikasleek elikaduraren inguruan hausnartzeko, talde-lanean ideiak lantzeko eta euren ikastetxeetan zein ingurunean aldaketa errealak eragiteko proposamenak sortzeko aukera izango dute, sormena eta ikus-entzunezko komunikazioa uztartuz. Izen-emate epea gaur bertan ireki da eta 2027ko urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik. Ondoren, parte-hartzaileek otsailaren 1etik apirilaren 9ra bitartean aurkeztu beharko dituzte euren bideoak. Proiektuen ebaluazioa eta herritarren bozketa egin ostean, sari-banaketa ekitaldi nagusia 2027ko ekainaren 4an ospatuko da, Ficobako Bioterra azokaren esparruan.
Sustatzaileek azpimarratu dutenez, elikadura jaten dugunaz harago doan auzia da, eta lotura zuzena du osasunarekin, ingurumenarekin, ekoizpen-ereduekin, tokiko ekonomiaren bizitasunarekin eta pertsonen arteko harremanekin. Hori dela eta, Gazteak On ekimenak hausnarketatik ekintzara igarotzeko deia luzatu dio hezkuntza-komunitate osoari, ikasleen ekimenak eta eragile sozialen ekarpenak uztartuz aldaketa txikietatik eraldaketa sakonak abiarazteko. Lehiaketaren baldintzak, egutegia eta baliabide guztiak gazteakon.eus webgunean daude eskuragarri.



