Zaisa Txingudik lehen garaipena bilatuko du Plaiaundin, eta emakumezkoek Uribealdea hartuko dute

Argazkia: Zaisa Txingudi eta La Unica Bren arteko partida (Egilea: Yaiza Rodriguez).

Txingudi Errugbi Taldeak jardunaldi berria hartuko du bihar Plaiaundin, klubeko senior mailako bi taldeen norgehiagokekin. Gizonezkoen lehia amaitu bezain laster, arratsaldeko 16:30ean, emakumezkoen taldea zelairatuko da Plaiaundin bertan, Uribealdearen kontra neurtzeko

Lehenengo txanda gizonezkoena izango da: 14:30etik aurrera, Zaisa Txingudik Iruña jasoko du denboraldiko estreinako garaipena eskuratzeko helburuarekin. Joan den asteburuan puntuak gutxigatik ihes egin ostean, mugakoak erabat mentalizatuta daude ligari pultsua hartzeko; izan ere, garaipena ezinbestekoa zaie igoera postuen lehian sartzeko. Aurrean, ordea, aurkari gogorra izango dute, nafarrek orain arte jokatutako bi partidak irabazi dituztelako eta sailkapeneko bigarren postuan baitaude.

Neskek berriz, lau puntu dituzte sailkapenean aurreko astean Hernanin lortutako garaipenari esker, eta bi puntuko aldea ateratzen dien aurkari bizkaitarra gainditzeko aukera izango dute. Puntuak etxean geratuz gero, Txingudik ligako bosgarren jardunaldia zazpigarren postuan amaitzea lortuko du.

Harrobikoak etxetik kanpo

Harrobiko taldeei dagokienez, 16 urtez azpikoek zein 18 urtez azpikoek etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan, Getxora bidaiatuko baitute bertako B taldeen aurka aritzeko. Bi talde bidasoarrak maila oso onean dabiltza ligako lehen fase honetan, eta Euskal txapelketetako lehen mailetara sailkatzeko aukera guztiak dituzte eskura. Hala ere, Getxoko bigarren taldeen kontra jokatuko duten arren, arduradunek ohartarazi dute ezin direla gehiegi fidatu, klub bizkaitarrak estatuko harrobi indartsuenetako bat baitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude