Maïa Permaculture kooperatibak eta Bidasoa Txingudi eskualdeko elikadura-kontsumo taldeek, Labore Txingudik eta Hendaiakooek, “Gazteak On: Elikadura Erronka” lehiaketaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur. Aurkezpena Toki Alai BHI ikastetxeko baratzean egin dute, iazko lehiaketan irabazlea izan baitzen.
Bigarren edizio honetan lehiaketaren helburua berdina izango da: Bidasoa-Txingudi eta inguruko ikas eremu naturaleko gazteek hausnarketatik sortutako sentsibilizazio-proiektuak garatzea eta haien ideiak ikus-entzunezko baliabideen bidez gizarteratzea da. Mugaz gaindiko Gipuzkoako Aldundiaren eta Pirinio Atlantikoetako IDEIAK egitasmoaren baitan saritutako proiektuaren bidez, elikaduraren eraldaketarako lanean ari dira 2022tik, hezkuntza komunitatearekin batera pedagogia, elkarlana eta saretzea indartzen.
Bigarren ediziorako jauzia
Antolatzaileek azaldu dutenez, iazko edizioak erakutsi zuen gazteek badutela ikuspuntu kritikoa, sormena eta inplikazio handia elikaduraren erronka nagusien inguruan. Horregatik, aurten beste urrats bat egin dute. Batetik, eskualdeko parte-hartzea zabaldu dute, eta orain horretarako aukera izango dute Irun, Hondarribia, Hendaia, Urruña, Biriatu, Ziburu eta Donibane Lohizuneko ikastetxeek. Bestetik, bideogintza tailerrak eta baliabide tekniko gehiago eskainiko dizkiete ikastetxeei. Azkenik, lehiaketaren webgunea eguneratuta dago edizio berriaren informazio osoarekin.
Gazteen hausnarketaren balioa
Lehiaketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo kolegioko adinean dauden gazteei zuzenduta dago eta bideoen bidez honakoak lantzea bilatzen da: Elikadura jasangarria eta tokikoa, eskola-komunitatean garatu nahi dituzten proiektu eraldatzaileak eta komunikazioa, ikus-entzunezkoa eta talde-lana.
Bi sari nagusi izango dira aurten ere: 600 euro epaimahaiaren sarian eta 400 euroko Herritarren saria. Sari hauek ikastetxe bakoitzarekin adostuko dira, elikadura burujabetza hobetzeko ekintza zehatzak finantzatzeko.
Iazko esperientzia
Prentsaurrekoan iazko edizioko ikasleek parte-hartu dute. Elaia Arbelaiz Toki Alai ikastetxeko DBH 4ko ikasleak aipatu duenez, “Gure kasuan, gonbidapen bat luzatu ziguten elikagaien inguruan hausnarketa egiteko”. Elaiak azaldu duenez, ikastetxean galdetegiak zabaldu zituzten eta jasotako informazioarekin bideoak prestatu zituzten. Bideoetan denboran zehar hamaiketakoen aldaketa ikusi zuten, ez bakarrik osasunari dagokionez, baita plastikoen erabileran ere. “Ez genuen irabaztea espero; gure helburua hausnarketa zabaltzea zen. Hala ere, poz handia eman zigun irabazteak”, onartu du DBH4ko ikasleak. Elaia Arbelaizek gaineratu duenez, “ilusioa egiten digu guk proposatutako proiektu bat ikastetxean martxan jarri izana: aurten “fruta eguna” antolatu dugu eta arrakasta handia izan du”.
Osertz Ubegun DBH 2ko ikasleak berriz, iaz jasotako saiarekin zer egingo duten azaldu du: “Baratzarekin loturiko ideietan pentsatu dugu; gure ikastetxean horrek du elikadurarekin lotura handiena. Azkenean, erabaki dute diru gehiena negutegian inbertitzea, eta beste zati bat hazi eta ongarrien erosketa indartzera bideratzea.
Oihana Galardi Ogallar antolatzaileak nabarmendu duenez, ikasleen hitzek erakusten dute Gazteak On lehiaketak benetako eragina duela ikastetxeetan: “hausnarketatik ekintzara igarotzen ari direla.”
Parte-hartzailei deia
Lehiaketak bost fase izango ditu, izen-ematetik sari banaketara; eta maiatzean fase garrantzitsuenetakoa jarriko da martxan: herritarren bozka irekiaren prozesua. Fase hori ez da soilik boto kontua, sentsibilizazio-ekintza da, gazteen ahotsak eskualdeko komunitatearen aurrean jartzen dituen unea delako.
Gazteen ideiek eskualdeko elikaduraren etorkizuna hobetzeko gaitasuna dutela erakutsi nahi du berriro Elikadura Erronkak. Beraz, bigarren edizio hau pauso sendoa da norabide horretan.



