Bidasoa LHII ikastetxeko patioan anbulatorioa eraikitzearen aurka agertu da

Bidasoa LHII-k Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak ikastetxeko patioan  eraiki nahi duen anbulatorioaren aurka agertu da. Irungo Udalak eta Osakidetzak sinatzekoak diren hitzarmenaren ondorioz, Bidasoa LHII ikastetxeko patioa desagertuko litzateke. Ikastetxetik adierazi dutenez, gune hori funtsezkoa da ikasleen hezkuntza-garapenerako. Bidasoa LHII-tik salatu dutenez, erabaki hau hezkuntza-komunitatearekin behar bezala kontsultatu gabe eta ondorioak aztertu gabe hartu da, eta ikastetxearentzat onartezina den galera dakar.

Zentzu horretan, Bidasoa LHII ikastetxeko patioa ez da aire zabaleko espazio huts bat, hezkuntza-komunitatearentzako ezinbesteko gunea baizik. Ikastetxetik azaldu dutenez, gaur egun, bi funtzio betetzen ditu. Batetik, irakasleen eta ikastetxeko langileen aparkaleku gunea da. Bestetik, ikasleen aisialdirako eta osagarri diren jarduerak egiteko gunea da.

Ondorio larriak

Bidasoa LHIItik azaldu dutenez, “espazio hau lagatzeak erabilera horiek ezabatuko lituzke, ondorio larriak eraginez”. Batetik, irakasle eta langileentzako irisgarritasun arazoak eragingo lituzke. Izan ere, aparkalekua desagertzeak irtenbideak bilatzera behartuko ditu ingurune jada saturatu batean, puntualtasuna eta ikastetxera sartzeko aukera zailduz. “Konponbide bideragarririk ez da proposatu, eta horrek plangintza faltaren kezka areagotzen du”, azaldu dute ikastetxetik zabaldutako komunikatuan.

Bestetik, ikasleen ongizatean eragin negatiboa izango lukeela ohartarazi dute, ikasleek espazio hori galduko luketelako, haien bizi-kalitatea kaltetuz. Ikastetxetik adierazi dutenez, patioa ezinbestekoa da klaseen arteko atsedenaldietarako, sozializaziorako eta osagarri diren jardueretarako. “Lanaldi luze eta zorrotzak dituen lanbide-heziketako zentro batean, atseden guneak kentzeak zuzenean eragingo dio ikasleen osasun fisiko eta mentalari”, adierazi dute Bidasoa LHIItik.

Egoera honetan, Sindikatu Bertikalak okupatzen zuen berdegunea Bidasoa ikastetxeari emango zaiola esatea “Bidasoari tokomotxoa tokatu zaiola esatea da. Estanpatxoaren iruzurra”.

Elkarrizketarik gabeko erabakiak

Azkenik, “espazio hau Osakidetzari lagatzeak ikastetxeko patioaren oinarrizko funtzio ez ikustea dakar, eta hezkuntza-komunitatearekin elkarrizketarik ez dagoela erakusten du” gaineratu dute. Horregatik, Bidasoa LHIItik hezkuntza eta ikasleen ongizatea lehentasun izan beharko liratekeela azaldu dute, eta halako erabakiek ikastetxearen beharren aurrean “sentsibilitate falta larria” erakusten dutela.

Horregatik, Bidasoa LHIItik erabakia berrikustea eskatzen dute, Bidasoa LHII ikastetxeko patioaren lagapenaren aurka agertuz eta hezkuntza espazioa defendatzeko. Erabaki honen aurka egiteko, sinaduren bilketa hasi dute esteka honetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude