Irungo alkate Cristina Laborda hedabideen aurrean agertu da, hiria osasun arloan ematen ari den aurrerapausoak baloratzeko: “Osasun Sailarekiko akordioa alor honetan azken urteetan izan dugun berririk onenetako bat da. Hori bai, herritarrei gaia duela hamar urte ebaztea gustatuko zitzaien, denbora hori baitarama zain Oinaurreko partzelak. Edonola ere, etorkizunera begiratzeko garaia da, eta hobe beharrez lan egiteko garaia”.
Labordak azpimarratu du zer funtsezkoak izan diren hiriko elkarteak eta talde politiko gehienak. Izan ere, “elkarrekin egin dugu bide luze eta zail hau. Herritarrek manifestazioak egin dituzte kaleetan, udal taldeen gehiengoak mozioak onartu ditu osoko bilkuretan, eskutitzak bidali ditugu, bilerak egin ditugu, hamaika neurri hartu dugu hiriko osasungintza hobetzeko, baina, azkenean, gaiaren premiazkotasun eta larritasuna onartu dute. Irunen alde borroka egin dugu, nonahi eta nornahirekin, baina lortzen ari gara: irundar erako hitzarmen bat, bai horixe”.
Alkateak gogorarazi duenez, “osasungintza hobetzea nire lehentasunetako bat izan da alkate naizenetik, baina hitzetatik ekintzetara pasatu beharra zegoen, eta, alde horretatik, Osasun Sailak Oinaurreko anbulatorioa 2025ean hasteko konpromiso finantzarioa hartzea oinarrizkoa zen. Duela hilabete batzuk, ordea, pentsaezina zen horrelakorik lortzea”.
Alkateak nabarmendu duenez, lehenengo pausoa besterik ez da hau: “Udalak eta Osasun Sailak lantalde tekniko bat osatu dugu, eta lanean hasia da jadanik, hartutako konpromisoak bide orri sendoa bihurtzeko. Aste honetan, adibidez, hiriaren erdialdean ibili zen, Erdialdeko anbulatorioa handitzeko aukerak aztertzeko. Oinaurreren kasuan”, gehitzen zuen, “eman beharreko hurrengo urratsak lurzoruaren lagapena izango da Eusko Jaurlaritzara, eta behin proiektua izanda, Udalak eraikitze lizentzia emango du”.
Azkenik, Labordak adierazi duenez, “pozik gaude egiten ari garen aurrerapenekin, dudarik gabe albiste ona baitira Irunentzat, baina lanean segitu behar dugu. Ez dugu asmorik nahi, egitateak nahi ditugu, eta adostasunaren, elkarrizketaren eta konpromiso ekonomikoaren bidetik jarraitzen badugu bakarrik lortuko ditugu”.