Mikel Bengoak eta Ivan Curielek Real Uniónen jarraituko dute beste bi denboraldiz

Mikel Bengoak eta Iván Curielek beren kontratuak luzatzeko akordioa lortu dute Real Unión klubean eta beste bi denboraldiz bertan jarraituko dute. Igor Emery Real Unióneko Administrazio Kontseiluko presidenteak eman du kontratu luzapenaren berri gaur goizeko prentsaurrekoan. Klubeko lehendakariaren hitzetan “albiste garrantzitsua” da klubarentzat.

Igor Emery Real Unióneko Administrazio Kontseiluko lehendakariak azaldu duenez, “Mikel eta Curi gazteak dira, baina esperientzia handia dute”. Emeryk orain dela bi urte klubean hasitako eraldaketa-prozesuaren parte direla azaldu du:  “Bi kontratu luzatze hauek lan handia egin dutelako eta lantzen ari garen etorkizuneko proiektuaren zutabe izan behar dutela uste dugulako planteatzen ditugu”.

Mikel Bengoa

Mikel Bengoa Ruiz de Azua (Gasteiz, 1991), U16 kategoriako Euskadiko hautatzailea izan zen 2015 eta 2018 artean, eta urte horretan Deportivo Alavéseko idazkaritza teknikoan hasi zen lanean, 2022ra arte, harrobiko futboleko eta futbol profesionaleko erakartze-lanetan. Urte horretako uztailean Real Uniónera sartu zen kirol-zuzendari gisa.

Mikel Bengoaren hitzetan, “oso pozik nago Administrazio Kontseiluak beste bi denboraldiz Real Uniónen parte izateko eman didan aukerarekin”. “Nortasun propioa duen proiektu bat sortzeko oinarriak finkatzen ari gara, Irun eta eskualdea erakarriko dituena eta txuribeltz zaletuei klubaz gozatu eta harro egoteko aukera emango diena”, adierazi du Mikel Bengoak.

Iván Curiel

Iván Curiel González (Madril, 1991) Unionistas de Salamanca CFko analista izan zen 2015 eta 2018 artean, eta 2018 eta 2020 artean idazkari tekniko, uda hartan Irunera helduz. Ordutik, lehen taldeko analista izan da, idazkari tekniko, eta Iñaki Goikoetxearen bigarren entrenatzaile gisa aritu da ere aurreko denboraldiko azken partidetan.

“Oso pozik nago Irunen, proiektu ilusionagarri batean ari gara lanean, hirian sentimendu unionista pizten ari dena. Harro nago Real Unión taldeko kide izateaz”, adierazi du Iván Curielek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude