Txingudiko Ekoetxeak “Ez zaitez biltzen utzi” jarduera hartuko du ontzien kontsumoa murrizteko

Ekoetxea Txingudik bat egingo du azaroaren 25ean, larunbatean, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin, “Ez zaitez biltzen utzi” esperientziaren bidez. Jarduera horretan, familia osoak aldi berean parte hartu ahal izango du, eta lankidetzan aritu, sortzen ditugun hondakin eta ontziekin lotutako erronka txikiei aurre egiteko.

Aurten, azaroaren 18tik 26ra egingo den Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen goiburu nagusiak ontzien kontsumoari egingo dio erreferentzia, “Ez zaitez biltzen utzi” leloarekin. Esperientzia hau 5 urtetik gorako haurrak dituzten familiei zuzenduta dago. Han, jokoekin zirkuitu txiki bat osatuko da (tartean, “Birdiseinatu” eta “Birpentsatu”), ekonomia zirkularraren 7+1 ezaugarrietako bakoitza familia erronka zirraragarri bihurtzeko.

Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera, Euskadin batez beste 485 kilo hiri hondakin sortzen dira biztanleko, eta horietatik 50 kilo baino gehiago ontziak dira. Helburua da objektuei bigarren bizitza ematen ikastea; hala nola hondakinak nola murriztu eta modu jasangarriagoan nola pentsatu. Parte hartzen duten familia guztiek sari bat eskuratu ahal izango dute.

Ekonomia lineala izan da nagusi joan den mendera arte, eta ekoiztea, erabiltzea eta botatzea izan da ohiko jarduna. Ondoren, jauzi kualitatibo bat eman zen, eta hondakinen kudeaketan Murriztu, Berrerabili eta Birziklatu ekintzak bultzatu izan dira. Hala ere, kudeaketa eredu hori gaur egun motz geratzen da, eta ekonomia zirkularrarekin bat egiteko eta eboluzionatzeko garaia iritsi da. Hala, materialen bizitza erabilgarria optimizatzeko eta maximizatzeko eta gure hondakinen sorrera murrizteko unea dugu orain.

Ekoetxea Saretik dei egin dute herritarrek aldaketarekin bat egin dezaten, keinu eta konpromiso jasangarrien bidez. Doako jarduera izango da. Egunean zehar hainbat txanda egongo dira, eta parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea webgune honetan: https://ekoetxea.eus/es/producto/no-te-dejes-envolver-txingudi/

Ekoetxea Txingudi Irungo Plaiaundi Parke Ekologikoan kokatzen da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ingurumen zentroen sareko kide da, eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak kudeatzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude