Ekainaren 21erako Parean elkarteak argitaletxei bururzko mahaingurua antolatu du Irungo CBA liburutegian

Nolakoak dira gauero lokartu aurretik haurrei irakurtzen dizkiegun ipuinak? Nola eragiten dute sortzen ari diren iruditegian? Eta nolakoak dira haur eta gazteek liburutegietan topatzen dituzten liburuak? Berdintasunari lotutako zein balio agertzen dira bertan?

Honetaz guztiaz arituko dira asteazkenean, ekainak 21an, Irungo CBA liburutegian Pamiela-Kalandra, Elkar eta Alberdaniako argitaletxeekin. Arratsaldeko 19.00tan izango da hitzordua. Pamiela-Kalandrakako haur literaturako arduradun Carmen Elvira, Elkar argitaletxeko Olatz Osa eta Alberdania argitaletxeko Jorge Gimenez Bech izango ditugu hizlari lanetan.

Saio honekin amaiera emango diote “Sustraietatik eraldatuz, berdintasuna errotzen” Generoa haur literaturan hitzaldi zikloari. Maiatzatik gaur arte haur literaturako Lur Gallastegi Zendegi idazlearekin solasaldia izan dute Tobbaco Days liburu dendan. Ainara Azpiazu, Axpi, euskal ilustratzaile, komikigile eta muralgilearekin marraztuz haur eta gazte literaturan generoak jokatzen duen paperaz aritu ziren Errenteriako Lekuona Fabrikan. Eta, Oiartzungo udal liburutegian, ipuin kontalari, musikoterapeuta, musika irakasle eta aldi berean musikaria den Haizea Loira Matxiñenaren eskutik “Berdintasunari konta eta kanta” saioa izan dute.

Haur literaturaren industrian parte hartzen duten egile eta agente ezberdinekin generoaren inguruko hausnarketa prozesu bat ireki nahi izan dugu udaberrian, herritarrentzat irekiak izan diren saio ezberdinekin. Helburua, finean, haur literaturaren baitan generoaren gaia lantzeak duen garrantzia gizarteratzea da, eztabaida eta kezka hau gizarteko zenbait esparrutara zabalduz.

Gure barrua islatzen duen bezala, inguratzen gaituen gizartearen ispilu ere dira ipuinak. Gure jendartearen balioak, jarrerak eta ezagutzak aurkitzen ditugu maiz lerro artean. Eta tamalez, dezente dira ipuinetan betikotu beharko ez ziren ereduak. Ipuinek irudimena eta jakin mina pizten dituztela argi dago; zoritxarrez, ordea, hain egokiak ez diren balio eta jarrerak erreproduzitzen eta mantentzen laguntzen duten tresnak ere badira.

Gure haur eta gazte literaturak genero berdintasunaren eraikuntzan nola eragiten duen ezagutzeko asmoak ikerketa bat egitera eraman zuen Parean elkartea orain bi urte. Zehazki, Irungo Haur eta Lehen Hezkuntzako Irungo Eguzkitza ikastetxeko liburutegiaren azterketa egin genuen eta bertan, genero-ikuspegia abiapuntu hartuta, zenbait ondorio kezkagarri atera genituen. Mutil protagonistak askoz gehiago dira (%62an), ipuinen idazleak gizonak dira nagusiki (%65an) eta istorioek sarriegi estereotipo sexistak erreproduzitzen dituzte… Aztertutako ipuinen %13an baino ez dira ageri emakumeak zaintzan ez den bestelako rol batean, eta lan egiten agertu direnean, gehientsuenetan irakasle edo dendari lanetan baino ez. Zaintzaren zama emakumeen esku ageri da liburu gehientsuenetan eta familia eredu tradizionala nagusi da oraindik, kultur aniztasuna batere ageri ez den gure haur literaturan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude