Irungo Udalak Artaleku utzi du txertaketa-gune masibo bezala erabili dadin

Artaleku Covid-19ren aurkako txertaketa-gune masiboa izango da. Irungo Udalak jakinarazi du kiroldegia Osakidetzari utzi diola, eta behar duen heinean erabili ahal izango duela, txertaketa-egutegiaren barruan. Artalekun txertaketarako erabiliko den gunea kirol-pistaren goiko aldea izango da, harmailen azken lerroen ondokoa.

Asteburu honetatik aurrera, Irungo eta Hondarribiko (Bidasoako ESIaren barruan dauden bi herriak) bizilagunek erabiliko dute txertaketa espazio hori. Orain arte egin moduan, Osakidetza izango da txertoa hartuko duten pertsonekin harremanetan jarriko dena, dosien eskuragarritasunaren arabera.

Ez da Irungo Udalak Osakidetzari pandemian zehar utzitako udal-instalazio bakarra. Iazko kanpainan gripearen aurkako txertoa jarri ahal izateko Dunboako Auzo Elkartearen udal-titulartasuneko lokalak gaitu ziren. Azken asteetatik hona, espazio hori berriro egokitu da, Elitxu-Lapiceko auzo-elkarteko lokalarekin batera, Covid-19ren aurkako txertoa jartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude