Kristiñe Berridi, Dunboako osasun-zentroko lehen mailako arretako unitate burua: “Hemendik aurrera ez dugu inoiz berriro aurreko moduan lan egingo”

Pandemiaren hasierak osasun sistemaren funtzionamendua hankaz gora ipini zuen 2020ko martxoan. Ordutik, osasun zerbitzu guztiak babestu eta osasun krisialdira egokitzeko erlojuaren kontra lan egin dute osasun arloko profesionalek. Kristiñe Berridi lehen mailako arretako unitateko buru gisa, lehen mailako arreta sistema betirako aldatu dela azaldu du.

Nola bizi zenuten pandemiaren hasiera?
Guztioi bezala asteburu baten erdian izan zen. Ostiralean gure lana beti bezala utzi genuen eta hurrengo astelehenean bizitza hankaz-gora jarri zitzaigun. Ordutik, gure lan egiteko moduan izugarri aldatu da, gaixoei harrera egin eta pazienteei behar duten atentzioa eskaintzeko. Jendeak segurtasun neurri berriekin nola funtzionatzen ari garen jakitea garrantzitsua iruditzen zait.

Goizetik gauera zuen lan egiteko modua aldatu zen?
Bai, gainera, aldaketa hau egiteko ez genuen inolako erreferenterik. Korrika zuzendaritzako kideekin bildu ginen. Zerotik neurriak hartu behar izan genituen, ateak itxi genituen eta protokoloak egun batetik bestera aldatzen ziren. Konplexua izan zen funtzionamendu berri horretara egokitzea. Udaran lasaiago ibili ginen, baina, pandemia hasieratik gure lan egiteko modua ez da aldatu eta ateak irekitzeko neurri asko hartu ditugu. Izan ere, gu geu zaintzen ez bagara, nahiko lan daukagu gure ordezkapenak lortzeko. Gaixotzen bagara okerrago izango da gure lankideentzat.

Osasun sistemaren gainkarga pandemiaren aurretik dator?
Pandemiak gauza txar asko ekarri ditu, baina, gure aurreko bizimoduan ezinbestekoak ziren aldaketak agerian utzi ditu. Hemendik aurrera ez dugu inoiz berriro aurreko moduan lan egingo. Dena dela, aurreko sistemara itzuli ez arren, horrek ez du esan nahi okerrago lan egingo dugunik edo jendea ikusiko ez dugunik. Gakoa benetan atentzioa behar duten pazienteei lehentasuna ematea izango da. Hau da, badira kontsulta telefoniko baten bitartez artatu eta aholku txiki batzuekin etxean gera daitezkeen gaixoak. Beste batzuk, ordea, mediku edo erizainaren kontsultatik igaro behar dira ezinbestean.

“Aspalditik osasun sistema orokorrak berrikusketa behar zuen, aldaketa ezinbestekoa zen”

Orain lehen arreta kontsulta telefoniko bidez egiten da. Profesionalentzat erraza da?
Ez, jendeak guretzako erosoagoa dela uste du, baina, oker daude. Telefonoz hitz egitea eta pazientea aurrez aurre ez ikustea zailagoa da, batez ere, aurretik ezagu- tzen ez duzun paziente bat denean. Historialean bere informazio guztia duzun arren, bere izaera edo gauzak azaltzeko moduaren inguruan ezer gutxi dakizu. Horixe da gure egoera, behar baino profesional gutxiago gaudelako lanean, jende gaixotu edo plazak falta direlako eta, ulertzekoa denez, ez gaude gustura.

Biztanleriak aldaketaren beharra ulertu du?
Ez du uste, jendeak pazienteak ikusi nahi ez ditugula uste du. Guk ikusi beharrekoak iksuten ditugu, baina, gaixotasunak markatutako lehentasunaren arabera noski. Pandemia aurretik zitak telefono eta internetez hartzea oso erraza zenez, edonork eska zezakeen medikuarekin kontsulta, horretarako benetako beharrik ez bazuen ere eta gauza garrantzitsuagoei lekua kentzen zitzaion. Oraindik sistema berri honi neurri hartzen ari gara eta pixkanaka ikasten goaz. Gaitz arinak telefonoz tratatzen dira. Hortaz gain, biztanleriak bakoitzak bere burua zaintzeko oinarrizko gauza batzuk jakin behar dituela uste dugu.

Lan karga handitu den bezala, baliabide material eta pertsonalak handitu dira?
Zalantzarik gabe lan-karga handitu da. Ohiko moduan pazienteak aurrez aurre ikusteaz gainera, kontsulta telefonikoak egiteko profesionalak behar ditugula eta positiboak diren edo arrisku berezia duten pazienteak ordutegi eta protokolo berezi batekin jasotzen ditugulako. Baliabideei dagokienez, medikuak falta zaizkigu, hemen zein estau osoan plaza guztiak bete ahal izateko. Ondorioz, ordezkapenak egiteko larri gabiltza eta norbait gaixotuz gero, langile bat gutxiagorekin aurrera jarraitu behar dugu. Erizain gehiago egon arren, libre daudenen zerrenda amaitzen ari da.

Ia urtebeteren ostean, langileen artean nekea nabari da?
Bai, nekea nabari da. Udara lasaiago izan zen arren eta oporrak hartzeko moldatu ginen arren, udararen aurretik izan genuen jai egun bat bera ere hartu. Udazkenaren ostean, pandemiaren hasierako funtzionamendura itzuli gara eta nekatuta gaude, kontrolik gabeko egoera honen amaiera ikusten ez dugulako. Fisikoki eta psikologikoki nekea baria da eta ospitaleetan lehen ilaran daudenek konkretuki oraindik lan karga handiago daukate. Gure kasuan antolaketa desegokia eta etengabeko aldaketak dira gure azaro nagusiak.

Txertaketa kanpainak polemika handia eragin du. Dunboako profesionalak txertatzen hasi dira jada?
Bai, gure zentroan txertaketa kanpaina hasi da, nahiz eta oraindik langile guztiok lehen dosia jaso ez dugun. Bidasoako ESIan urgentzia, COVID-19 plantetan eta Dunboako osasun-zentroan langileak txertatzen hasi dira. Txertoen banaketa irregularrak kexak eragin ditu, baina, hemendik gutxira guztiontzako txertoa iristea espero dugu.

“Medikuak falta zaizkigu, hemen zein estau osoan plaza guztiak bete ahal izateko”

Hiritarrek kalitatezko osasun sistema publikoa defendatzeko deitutako mobilizazioengatik babestuta sentitu zarete?
Bai, Dunboako osasun-zentroan kanpoaldean zenbait mobilizazio antolatu dituzte. Babes adieraztea ondo dago eta eskertzen dugu. Martxoan pandemiaren hasierarekin jendeak balkoietan txalo egiten zuen eskerrak emateko. Orain jendea beste muturrera pasa dela ikusi dugu, hau da, jendea gurekin oldarkortasunez jokatzen ari da, irainak jasotzen ditugu eta urrutiago iritsi nahi duten erasoak. Hortaz, txaloetatik erasoetara igaro beharrean, tarteko zerbait nahiago dut, bakoitzak bere lana egiten jarraitu dezan eta ingurukoei enpatia gehiagorekin begiratzeko.

Nola begiratzen du egungo lehen mailako arreta sistemak etorkizunera?
Etorkizuna zail eta ilun ikusten dugu. Aspalditik osasun sistema orokorrak berrikusketa bat behar zuen, aldaketa ezinbestekoa zen. Gasteizetik planteamendu berriak sortzen ari ziren, pandemia, ordea, aurreratu egin da. Mediku eta pediatren falta da konponbide zailena duen arazoa, konponbide hori Euskadiko mugetatik kanpo dagoelako, Madrilen. Dunboako osasun-zentroan medikuak falta diren bezala ospitaleetan espezialistak falta dira eta mediku berriak lortzeko 10-11 urte behar dira. Izan ere, giza baliabiderik gabe ezinezkoa da gainontzeko arazoentzako konponbidea aurkitzea.

 

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude