Plaiaundiko Parke Ekologikoa, nazioarteko altxor naturala

1998an berreskuratu zen Txingudi itsasertzeko hezegune hau, eta azken urteetan
nazioarteko garrantzia lortu du. Etorkizunerako helburuen artean daude bertako kirol instalazioak kanpora ateratzea eta Irun eta Hondarribiko padurak elkartzea.

azal_3749

Txingudi ekoetxeak Plaiaundiko Parke Ekologikora ongi etorria egiten digu. Etxetik hain gertu dugun babes bereziko eremu honek 24 hektarea ditu. Hala ere, hedadura txikia ez da oztopo izan Txingudik nazioarteko aintzatespena lortzeko; izan ere, Natura 2000 Sarean Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu dute. Gainera, Ramsar Hitzarmenaren arabera, Nazioarteko Garrantzizko Hezegune da.
Bisita ugari
Aspaldi honetan hezeguneak lortutako aipamen hauek biztanleen arreta erakarri dute, eta hori parkeak jasotzen duen bisitari kopuruan nabaritu da. Nerea Azpeitia parkeko teknikariaren arabera, “jende asko etortzen da etxetik gertu duen altxor natural hau ezagutzera. Urtean 45.000 bisitari jasotzen ditugu. Horietatik 17.000 informazio zentrutik igarotzen dira, eta 3.000 lagun ikastetxeetako ikasleak dira”.

behatokia3760
Azken hauentzat Ekoetxeko arduradunek Ingurumen Hezkuntza programa berezia dute. “Gure ekintza guztiak biodibertsitatea erakustera zuzenduta daude. Horretaz gain, Plaiaundiko parkeak duen garrantzia azaltzen diegu, baita hegazti migratzaileak erakusten ere”.
1998. urtetik hona 265 hegazti espezie desberdin ikusi ahal izan dira hezegune honetan. Datu hau oso esanguratsua da, Euskal Autonomia Erkidegoan ikusten diren hegaztien %74 Txingudiko Badian ikusi baita. Nerea Azpeitiarentzat lorpen hau oso garrantzitsua da “Plaiaundi herri erdigunetik oso gertu baitago eta kanpoaldetik soinu ugari iristen baitira”.
Atletismo pistak arazo
Plaiaundiko Parke Ekologikoaren hedapena oztopatzen duen beste arazo bat bertako kirol instalazioak dira. “Bisualki eta soinu aldetik oztopo handia dira. Hoberena atlestimo pistak beste leku batera eramatea litzateke, baina prozesu hori martxan dago oraindik”.
Nahiz eta hainbat oztopori aurre egin behar izan, parkeak gertuko bisitariak erakartzen ditu. “Gehienak Gipuzkoatik etor-tzen dira, Bidasoa eskualdetik, hain zuzen ere. Irun, Hondarribia eta Hendaiako biztanleak etxetik gertu duten ingurumen naturala ezagutzeko irrikatan daude; are gehiago, azken urteotan Iparraldeko bisitarien igoera nabaria izan dugu”.
Txin Badia proiektua
Babes eremu honentzat guztiz garrantzi-tsua da herrialde mugakideen artean egindako lankidetza proiektua. Txin Badia izena duen proiektu honek, eremu hauen erabilera publikoari eta kontserbazioari begira, lan-sare bat eratzea du helburu. Europatik jasotako diru laguntzekin hobekuntza ugari egin dituzte parke ekologikoko arduradunek. “Informazio zentroko erakusketa berritu dugu, martin arrantzalearentzat habia batzuk egin, bideak eta zubiak konpondu eta anfibioentzat hainbat urmael eraiki ditugu “.
Etorkizunera begira, erronka nagusia da Txingudiko padurak babesten dituen plan bereziko ekintza eta proiektu guztiak aurrera eramatea. “Irun eta Hondarribiko padurak elkartzea, kirol instalazioak kanpora ateratzea eta, hori lortzean, zonaldea berritzea dira gure helburu nagusiak. Horretaz gain, Txingudiko paduraren barnean sartzen diren hiru irlak berreskuratu nahiko genituzke”.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude