Irungo Udalak Opilaren Egunean arduraz jokatzeko deia egin du

Irungo Udalak apirilaren 25ean, Opilaren Egunean, arduraz jokatzeko deia zabaldu die hiritarrei. Udalak honako mezu hau zabaldu du jaiegunaren harira:

Datorren apirilaren 25eko Opilaren Eguna berriz ere desberdina izango da gure hirian, iaz bezalaxe, COVID-19aren pandemiaren erruz. Udalak arduraz jokatzeko deia luzatu nahi die herritar guztiei, eta egun horretan ere ezarritako neurriak betetzeko eskatu. Ia Gipuzkoa osoa eremu gorrian dago, eta Irungo intzidentzia 100.000 biztanleko 400 kasutik gertu dago. Beraz, adi jarraitu behar dugu, eta segurtasun-neurriak zorrotz bete.

Udaltzaingoak kontrolak indartuko ditu egun horri begira, baina herritar guztiei eskatzen diegu dagoeneko ohikoak diren segurtasun-neurriak betetzen jarraitzeko: maskara nahitaez erabili behar da, segurtasun-distantzia eta ezarritako aforoak errespetatu behar dira, baita jende multzoei dagozkien mugak ere, gehienez 4 lagun, elkarrekin bizi direnen kasuan izan ezik. Gogoan izan debekatuta dagoela bide publikoan alkohola edatea.

Antolatzaileek esan duten moduan, telematikoki jarraitu ahalko dituzte interesdunek opilak bedeinkatzeko elizkizunak, urtero familia ugari erakarri ohi dituztenak. Sarean ikusgai egongo dira. Beraz, nork bere etxetik opilaz gozatzeko gonbita luzatzen dizuegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude