Asun Casasola Ipuin Laburren Lehiaketan parte hartzeko azken hilabetea

Hilabete bat besterik ez da falta Asun Casasola Ipuin Laburren Lehiaketaren IX. ediziora lanak aurkezteko epea amaitzeko. Izan ere, otsailaren 7ra arte zabalik egongo da lanak aurkezteko epea. Asun Casasolaren borroka eta kemenari aitortza egiten jarraitzeko “Plaza bat zure izenean” leloa aukeratu da edizio honetarako.

Lehiaketaren helburua berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea izan da hasieratik. Horregatik, edizio honetan ere, ikuspuntu positibo bat bilatuko da, indarkeria matxistaren aurkako borroka islatzen duena. Ipuinak euskaraz edo gazteleraz aurkez daitezke. Parte-hartzaile bakoitzak idazlan bakarra aurkeztu ahal izango du, orrialde batekoa. Ipuinak originala izan behar du, argitaratu gabea eta aurkezten den hizkuntzan idatzitakoa, ez da onartuko itzulpenik.

Aurreko urteetan lehiaketak izandako lau kategoriak mantentzen dira: helduena (bat euskaraz eta bestea gazteleraz), 16 urtetik gorakoentzat; eta gazteen kategoria, (bat euskaraz eta bestea gazteleraz),  10 eta16 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa.

Era berean, kategoria bakoitzeko sari bat egongo da. Helduen kategoriako irabazleek (bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere) 300 euroko saria jasoko dute. Gazteen kategoriako irabazleek (bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere) 100 euroko saria jasoko dute, eta 50 euroko balioa duen liburu pakete bat. Liburuek feminismoaren inguruko gaiak jorratuko dituzte eta  Katakrak liburutegiak eskainiko du.

Ipuinak bidaltzeko epeak

Urtero bezala, azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin batera, zabaldu zen lanak aurkezteko epea. Parte hartzaile guztiek 2024ko otsailaren 7ra arte izango dute ipuinak aurkezteko epea. Orduan, epaimahaiaren lana hasiko da. Sari banaketa berriz, martxoaren 7an, ostegunarekin , egingo da Irunen.

Ipuinak asuncasasolaipuina@gmail.com posta elektronikoko helbidera bidal daitezke. Era berean, posta arrunta erabiliz helbide honetara bidali edo bertan utzi daitezke: BDS koop. Aixin Zolua Ibilbidea, 20304 Irun, Gipuzkoa.

Epaimahaia

Aurtengo epaimahaia, berriz ere, emakumez osatuta egongo da bere osotasunean. Helduen kategorian, eskueraz, Yurre Ugarte, Ainahara Zuazabeitia eta Aitziber Zapirain izango ditugu. Kategoria berdinean, gazteleraz, Mertxe Tranche, Maria Jose Noain eta Marian Benitez. Gazteen kategorian, euskaraz, Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perez izango ditugu, eta gazteleraz, Noelia Lorenzo, Maite Vergara eta Naroa Gonzalez.

Ia hamar urteko bidea

Ia hamar urteko bide honetan  4.000 ipuinetik gora batu ditugu. Horrez gain, hirugarren ediziotik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiari esker, lehiaketa gazteengana hurbildu genuen. 10-16 urte arteko gazteengana zehazki, eta haientzako kategoria berezi bat sortu genuen. Lehiaketaren sail hau bereziki nabarmendu nahi dugu, izan ere eskola askotan lehiaketarekin bat egin eta gazteak, indarkeria matxistaren aurkako hausnarketak ipuinetan jasotzera animatzen dituzte. Hemendik gure esker ona eskola hauei eta orain arte parte hartu ez dutenak animatu nahi ditugu, izan ere lehiaketa hau bitarteko aproposa da hain beharrezkoa den indarkeria matxistaz aritzeko.

Lehiaketaren oinarriak eta jakin beharreko informazio guztia Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren webgunean dago eskuragarri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude