Irun eta Hondarribiko gozo-dendak apirilaren 25ean San Marcos eguna ospatzeko semebitxi edo alababitxiei oparitzen zaizkien opilak prestatzeko lanetan murgildurik daude jada. Oihal-zapietan bildurik elizetan bedeinkatu edo lagunartean dastatu ohi den bizkotxo berezi honen ekoizpen-prozesua eta sekretuak azaldu ditu Hawai gozotegiko Mertxe Álvaro de Urigainek.
Nondik dator apirilaren 25ean Opila jateko ohitura?
Ez dakigu nondik datorren ohitura hau. Lesaka, Bera, Errenteria, Lezo, Hondarribia eta Irungo ohitura bat da, orain dela gutxira arte Donostian ere ospatzen zena, nahiz eta azkenaldian hiriburuan ohitura galtzen ari den.
Zenbat urte daramatzazue Hawai gozotegian opilak egiten?
1962 urteko apirilean hasi ginen Hawai gozotegian opilak egiten. Hasieran ez genuen gozogintzarako lantegi propiorik, baina bost urte beranduago ireki genuen. Hasieran bizkotxo normalezkoak egiten genituen soilik, baina, geroago, Elgorriagakoek almendrazko opilaren errezeta pasa ziguten. Errenteriatik bereziki kafezko edo txokolatezko opilak egiteko enkarguak jasotzen ditugu.
Zein osagai behar dira opila bat egin ahal izateko?
Almendrazko Opila egiteko arrautzak, almendra asko, irina, azukrea, laranja, limoia eta koñak apur bat zapore gehiago emateko. Bizkotxo hau egiteko ez dugu inolako harrotzailerik erabiltzen, irabiatuz lortzen dugu masak gora egitea.
Nolakoak dira Opila egiteko jarraitu beharrezko pausuak?
Arrautzak irabiatu eta azukrea botatzen zaio. Hogei minutu irabiatu ostean irina, almendra eta gainontzeko osagaiekin nahasten da. Irabiagailura leuntasun handiz bota behar da, ondoren, moldetan bota eta labera sartzeko.
“1962 urteko apirilean hasi ginen Hawai gozotegian opilak egiten”
Mertxe Álvaro de Urigain, gozogilea
Janariarekin loturiko alergiaren bat dutenentzako opila berezirik prestatzen duzue?
Bai, zeliakoentzako opilak egiten ditugu, opila arruntaren foruma bera erabiliz. Hasieran gutxi egiten genituen, baina, gaur egun geroz eta gehiago saltzen ditugu.
Urtero zenbat opila egiten dituzue?
Guztira urtero 2.500 opila egiten ditugu gutxi gorabehera, mota guztietakoak kontutan hartuz. Aurten jada 30 opila edo saldu ditugu
Noiz hasten zarete lehen opilak prestatzen?
Astebete lehenago gutxi gorabehera, nahiz eta, aste batzuk lehenago Opilak kanpora bidali nahi dituzten pertsonen lehen enkarguak jasotzen ditugun ere. Enkargu asko jasotzen ditugu, baina, jendeari dendara etorri, dauzkagun opilak ikusi eta nahi bezala apaintzea gustatzen zaio.
Zientzuk dira Hawaiko opilen berezitasunak?
Apaingarri tradizionalez gain, Hawai gozotegian Opiliei apaingarri bereziak ipintzea atsegin dugu. Txokolatezko apaingarriei garrantzi handia ematen diegu eta forma ezberdinetako irudiak prestatzen ditugu martxotik aurrera.
Zeintzuk dira kalitatezko opila batek izan behar dituen ezaugarriak?
Lehenik eta behin ondo egindako bizkotxo bat. Gainetik mermelada botatzen diogu ere. Apaingarri moduan gorringo bat eta pasta bat. Gero nahi dituzun apaingarri guztiak jar ditzakezu. Adibidez, lehen ipintzen ziren arrautza guztiak gorriz tindatutako arrautza egosiak izaten ziren, baina, orain jendeak txokolatezkoak ipintzea nahiago du. Gainera, Hondarribian, bitxikeri gisa, “Txontxorro” izenez ezagutzen dugu bigarren bizkotxo txikiago bat ipintzen diogu gainean opilei.