Jesús Lozano, Pizzeria Junkaleko jabea: “Kritikak, oro har, oso onak izan dira, eta jendeak dio gure pizzak gustatu zaizkiola”

Duela bi astetik hona, Irungo Santiago kalean usain desberdina dago. Usaina 41. zenbakiko establezimendu berritik dator. Junkal pizzeriak aste pare bat baino ez daramatza bere zerbitzuak eskaintzen, eta dagoeneko hainbat dira produktu italiar aski ezagun honen zaporeak harrapatuta esperientzia errepikatzea erabaki dutenak. Jesus Lozano Junkal pizzeriako jabeak azaldu du pizzak egur-labean egiteak produktuari ukitu berezia ematen diola.

Nola izan dira negozioa ireki ondorengo lehen bi aste hauek?
Egia esan, dena oso ondo joan da. Oso pozik gaude azkenean gure negozioa ireki ahal izan dugulako. Harrera ona izan dugu eta jendearen erantzuna ona izan da momentuz.

Zergatik erabaki zenuten Irunen pizzeria berri bat irekitzeko abenturan sartzea?
Ni elikaduraren mundutik nator. Nire esperientzia profesionala oso lotuta egon da okindegi, gozotegi lantegi eta elikagaien manipulazioarekin. Txarkuteria eta okindegietan lan egin dut. Egia beti gustatu izan zait honekin zerikusia duen guztia. Etxean pixkanaka nire zaletasuna garatzen joan naiz. Egia esan, pizzaren mundua okindegiaren eta urdaitegiaren arteko zerbait da. Horregatik animatzen nau proiektu hau aurrera eramatera, espezializatzen saiatuz. Horretarako, kalitatezko produktuen eta hartzitze-prozesu geldoen aldeko apustua egin dut.

Aurreko esperientziak lagundu al dizu negozio berri hau irekitzen?
Egia da nik esperientzia pixka bat banuela, baina horrelako ikastaro bat egiten duzunean argi dago askoz gauza gehiago ikasten dituzula. Era berean, argi dago nik egindako ikastaro berezitua bezalako ikastaro bat aldez aurretik egiteak lagundu egiten dizula lokal berri baten irekieraren nerbioak kontrolatzen, eta segurtasuna ematen dizula.

Zein izan dira irekieraren ondorengo lehen balorazioak?
Kritikak, oro har, oso onak izan dira, eta jendeak dio gure pizzak gustatu zaizkiola. Errepikatu duen jendea ere izan dugu, eta horrek esan nahi du asko gustatu zaiela.

Osagaien kalitatea garrantzitsua da?
Kalitate handiko produktuek ez dute azken emaitza bermatzen, baina egia da horretan laguntzen dutela. Guk irin onak erabiltzen ditugu, harrian ehotuak. Mozzarella bezalako lehengaietan ere nabaritzen da kalitatea. Guk flor di late mozzarella erabiltzen dugu, % 100 esnez eginda. Erabiltzen dugun tomatea ere kalitate handikoa da, garrantzitsua iruditzen zaigulako oinarria kalitate bikainekoa izatea.

Zuen ezaugarri bereizienetako bat da pizzak egur-labean egiten direla?
Bai, hau guztia gainerakoengandik bereizi eta gure pizzei beste ukitu bat eman nahi izateagatik dator. Lehia handiko sektorea da. Egur-labeak beste egosketa bat eta beste tenperatura batzuk ematen ditu. Hori guztia emaitzan nabaritzen da, pizzaren testura desberdina baita. Nire ustez, horri esker, hain harrera ona izaten ari gara hirian, osagaiak, prozesua eta egosketa asko zaintzen ditugulako.

Oraingoz, bilketa-zerbitzua baino ez duzue eskaintzen lokalean. Erdigunetik gertu egotea garrantzitsua izango da horretarako, ezta?
Bai, asmoa da lehenengo negozioa ondo finkatzea. Pausoz pauso joan nahi dugu, presarik gabe. Printzipioz, pizzak lokalean jaso ahal izatea da asmoa, baina dena ondo badoa, gure produktuez gozatzeko beste zerbitzu batzuk eskaintzeko aukera aztertuko dugu. Santiago kalea joan-etorri handiko kalea da, eta egunero jende asko pasatzen da hemendik. Etengabeko mugimendu horrek asko laguntzen digu jendeak ezagut gaitzan, gure negozioaren berri izan dezan eta non gauden jakin dezan. Oraingoz, badirudi jendea ados dagoela gure lan egiteko moduarekin, eta ez zaiola hainbeste axola gure lokalera etorri behar izatea enkargua jasotzera.

Horrelako establezimendu berriak irekitzeak Irungo bizitza komertziala sustatzen laguntzen dutela uste duzu?
Bai, jendeak hori nabaritzen eta eskertzen du. Hiriko bizitza pixka bat sustatzen duen edozein negozio mota beti ongi hartuko dela uste dut. Nahiz eta gure estiloko zerbait ez izan edo guk kontsumitu ez arren, nik uste dut eskertzen dela auzo edo hiri aktibo batean bizitzea. Azken batean, horri guztiari eta lokal berri bat irekitzeari esker, jende gehiago animatu daiteke pausoa ematera.

Oraindik zuen pizzak probatzera animatu ez den jendeari zer mezu bidaltzen diozu?
Esan diezaiekegun gauza bakarra da probatzera animatzea eta beraiek ikustea gustatzen zaien ala ez. Guk benetan uste dugu oso produktu goxoa egiten dugula. Bezero berriei jakin-min handia sortzen die irin ekologikoekin aritzeak. Oso produktu aberatsa da eta mesedegarria gorputzarentzat; primerakoa dela esango nuke. Jakina, maitasun guztiarekin egina dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude